Ekonomia -

Diru-laguntza sozialak

Pentsiodunei 50 euro gehiago ordaintzea planteatu du Marotok

Diru-sarrerak bermatzeko errentarekin pentsiodunen “pobrezia energetikoa” leundu nahi du Gasteizko alkateak. Pentsio eskasen arazoa Gobernu zentralak “sortu” zuela gogorarazi dio EAJk Marotori.

Javier Maroto (PP) Gasteizko alkatea. Argazkia: EFE
Javier Maroto (PP) Gasteizko alkatea. Argazkia: EFE
Pentsiodunei 50 euroko osagarri bat ematea proposatu du Marotok

0:43

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pentsiodunei diru-sarrerak bermatzeko errenta hilean 50 euro igotzea proposatu dio gaur Javier Maroto (PP) Gasteizko alkateak Eusko Jaurlaritzari. Kolektibo horrek energia ordaintzeko dituen zailtasunak argudio gisa erabili ditu Marotok.

Diru-sarrerak bermatzeko errenta aldatzeko planteamendua berriz defendatzeko prentsaurrekoa deitu du Marotok Gasteizen. “Iruzurra” eta “abusuak” eragozteko laguntza sozialak aldatzea beharrezkoa dela errepikatu du Gasteizko alkateak azken hilabeteetan.

Diru-sarrerak bermatzeko errenta aldatzeko bere gurutzadan, Marotok beste proposamen bat azaldu du gaur udaletxeko prentsa-aretoan: pentsiodunen osagarriak hilean 50 euro areagotzea, kolektiboaren gehiengoak pairatzen duen “pobrezia energetikoa” arintzeko.

Horretarako, diru-sarrerak bermatzeko errenta arautzen duen legedia Eusko Legebiltzarrean aldatzea beharrezkoa ez dela azaldu du Marotok. Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak diru-sarreren mugak ezartzen dituen dekretua alda dezake, pentsiodunek diru-laguntzak jaso ahal izateko.

PPk ekimena Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko duela iragarri du alkateak. Horrela, Alderdi Popularrak legez besteko proposamena planteatuko du muga aldatzea eta handitzea eskatzeko.

Pentsioak 200 euro igotzea eskatu dio EAJk Rajoyri

Bestalde, pentsio “eskasen” arazoa Alderdi Popularraren Gobernu zentralak “sortu” duela ohartarazi dio Gorka Urtaran Gasteizko EAJren bozeramaileak Marotori. Horrela, “pentsio baxuenak hilean 200 euro igotzeko” jeltzaleen proposamena babesteko eskatu dio Urtaranek Gasteizko alkateari.

PPren Gobernuak BEZaren garapena eta pentsioak “bereiztea” erabaki zuela gogorarazi dio EAJko bozeramaileak Marotori. Horrela, pentsiodunen kolektiboak “erosteko ahalmena galdu” duela salatu dute jeltzaleek.

Kontrola

Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatuko dute Lanbidek kudeatutako diru-laguntza sozialetan iruzurra eragozteko. Horrela, erakundeek datuak trukatuko dituzte kudeaketa hobetzeko.

Bizkaiko Batzar Nagusiek bilkura egin dute gaur, Gernikan. Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak azalpenak eman ditu PPk eskatuta. Horrela, diru-sarrerak bermatzeko errentaren kontrola hobetzeko hitzarmena azaldu du diputatuak.

Oraindik erakundeek hitzarmena sinatu behar dutela onartu du Iruarrizagak, baina Bizkaiko zerga-sistema hobetuko duela ziurtatu du diputatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala albisteak Krisi ekonomikoa gaur Gorka Urtaran albisteak EAE Ekonomia 2024 Pentsioei buruzko albisteak