Krisi Ekonomikoa -
ELkargiren batzar orokorra
Urkulluk esperientziarik gabeko gazteak hartzea eskatu die enpresariei
Gazteei "lehenengo esperientzia hori" ematea proposatu du, "esperantza" izan dezaten.
agentziak | erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak esperientziarik ez duten gazteak kontratatzeko deia egin die enpresariei, gazteen enplegua sustatzeko Jaurlaritzak egin duen egitasmoaren oinarrietako bat baita hori.
Urkulluk Elkargiren batzar orokorraren itxiera ekitaldian egin du gogoeta hori, Donostiako Kursaalen. Bertan, hainbat adituk hitz egin dute, tartean Angel Corcostegui bankari ohiak, Javier Sotil Mondragon Taldearen presidenteak, eta Enrique V. Iglesias Garapenerako Banku Interamerikarraren presidente ohiak.
Gazteei "lehenengo esperientzia hori" ematea proposatu du, "esperantza" izan dezaten.
Eusko Jaurlaritzak gazteen enplegua sustatzeko egin duen egitasmoak lau oinarri dituela azaldu du: ekintzailetza bultzatzea, bitariko hezkuntza, talentua eta lehenengo lan esperientzia eskaintzea.
Lehendakariak ekonomia suspertzeko Jaurlaritzak hartu dituen neurri nagusiak aipatu ditu, eta dagoeneko "fruituak ematen hasi" direla azpimarratu du. Izan ere, 11.000 enplegu sortzen, 45.000 lanposturi eusten, eta 120.000 pertsonaren kualifikazio profesionala hobetzen lagundu omen dute.
"Badakigu ez dela nahikoa, baina etorkizunari konfiantza handiagoarekin begiratzeko aukera ematen digu", gaineratu du Urkulluk.
Era berean, 2014an 2.236 enpresa txiki eta ertain sortu zirela, 1.297k I+G+b alorrean lan egin zutela eta 343 atzerriko merkatuetara iritsi zirela azaldu du.
"Enpresaren alde lan egiten jarraitzeko" konpromisoa berretsi du lehendakariak, eta horretarako enplegu planak 258 milioi euro izango omen ditu, eta guztira Jaurlaritzak 1.445 milioi euro bideratuko ditu ekonomia suspertzeko.