Ekonomia -
Lehen bilera
CiUk eta ERCk defizitaren muga aldatzea eskatuko diote Gobernuari
Horretarako, Kataluniako gainerako alderdi politikoekin ekimen bateratua aurkeztea adostu dute. Defizitaren muga Barne Produktu Gordinaren % 0,7tik % 1,5era igotzea nahi dute.
CiU eta ERC alderdiek Kataluniako gainerako alderdi politikoekin ekimen bateratua aurkeztea adostu dute, Espainiako Gobernuari defizitaren muga malgutzea eskatzeko. Autonomia erkidegoen defizit muga aldatu nahi dute, Barne Produktu Gordinaren (BPGa) % 0,7tik % 1,5era.
Gaur egin dute lehen bilera gobernagarritasun akordioa garatzeko bidean pausoak emateko. Astelehenero egingo dituzte bilerak, Kataluniako Parlamentuan, 16:30ean hasita.
Bileran, hauek parte hartu dute: Jordi Turull eta Marta Rovira CDC eta ERC alderdietako Kataluniako Parlamentuko bozeramaileek eta Marta Llorens eta Lluis Salvado bozeramaileordeek. Datorren astetik aurrera, Generalitateko ordezkari batek ere hartuko du parte bilera horietan
Aurrekontuen jarraipen batzordea sortzea adostu dute, eta, hain zuzen ere, talde horri egokituko zaio defizitaren gaia jorratzea. Defizit muga betetzeko, Kataluniako Gobernuak 4.000 milioi euroko murrizketa egin beharra zeukan, baina, CIU-ERC akordioari esker, 1.000 milioi euro gehiago bilduko dituzte zergen bitartez, eta, beraz, murrizketa 3.000 milioi eurokoa izango da.
Oriol Pujol CDCko idazkari orokorrak astelehen honetan jakinarazi duenez, defizit muga % 1,5era mugituko balitz, murrizketa neurri gutxiago izango lirateke.
Bestalde, aste honetan bertan, CiU eta ERC alderdiek erabakitzeko eskubidearen gainean bakoitzak idatzitako proposamena banatuko diote elkarri. Izan ere, legegintzaldiko lehen osoko bilkuran, erabakitzeko eskubidearen gaineko adierazpena onartu nahi dute.
PSC alderdiaren jarrera aldaketa
Pere Navarro PSCko idazkari orokorrak Artur Masen inbestidura saioan jakinarazi zuenez, haren alderdia abstenitu egingo da kontsultarekin zerikusia duten bozketa guztietan. Hala ere, astelehen honetan Jaume Collboni bozeramaile sozialistak adierazi duenez, jarrera hori ez da aldaezina.
PSCk erabakiaren gaineko xehetasunak eman ditu. Alderdiaren arabera, erabaki hori aldatu egin daiteke, “hainbat ekimenek izaten duten bidearen arabera”.