Ekonomia -
LAB sindikatuaren arabera
Lan istripuetan hildakoak 66tik 53ra jaitsi dira Euskadin, 2012an
Sindikatuak dioenez, jaitsiera hori krisi ekonomikoaren ondorioetako bat da, baina "datu ofizialek" errealitatea itxuraldatzen dutela salatu dute.
Erredakzioa
Euskadin lan istripuetan hildakoen kopurua 66 tik 53ra jaitsi da 2012an, LABen arabera. Sindikatuaren iritziz, jaitsiera langabeziaren igoeraren eta krisi ekonomikoaren ondorioa da, eta horrek guztiak "eragin zuzena du langileen osasun egoeraren okerraldian".
Ibon Zubiela LABeko Lan Osasuneko Idazkaritzako arduradunak eta Oihan Ostolaza Enplegu Politikako arduradunak prentsaurrekoa eman dute Donostian iazko datuak komentatzeko. Guztira, 2012an "82.687 lan istripu izan ziren Euskal Herrian".
Istripu guzti horietatik 46.884 baja gabekoak izan ziren eta 35.803 baja hartzekoak; 264 larriak izan ziren eta 61 mortalak, azaldu du Zubielak. Heriotza gehienak Bizkaian izan ziren (26), Gipuzkoan 14 gertatu ziren, Araban 13, Nafarroan 7 eta Iparralden 1.
Zubielaren iritziz, jaitsiera hori krisi ekonomikoaren ondorioetako bat da, baina "datu ofizialek" errealitatea itxuraldatzen dutela salatu du, izan ere, Espainian egindako "zenbait ikerketen" arabera, istripuen % 30 ez dira estatistiketan sartzen.
Estatistikei kritikak
LABeko ordezkariak kritika gogorrak egin dizkie estatistikei, Euskal Herrian hiltzen den langilea beste erkidego batekoa edo atzerritarra denean ez baitu bertako istriputzat hartzen.
Bukatzeko, enpresei "prebentziorik ez egitea merke ateratzen zaiela" salatu du, administrazioa "gorra, itsua eta mutua" delako.