Ekonomia -
Energia
Iberdrolak AEBetako goi-tentsioko linearen % 60a amaitu du
Lanen % 60-70 dagoeneko bukatu dituztela ziurtatu du Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak New Yorken. Guztira, goi-tentsioko 800 kilometro berri egingo dituzte.
Erredakzioa
AEBetako ekialdeko kostaldean eraikitzen ari den goi-tentsioko linearen % 60a baino gehiago amaitu du Iberdrolak. Konpainia elektriko bakarrak zonan sekula egindako proiekturik handiena da.
New Yorken kazetariekin gosaldu du Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak. Lanen % 60-70 dagoeneko bukatu dituztela ziurtatu du gaur Sanchez Galanek. Guztira, goi-tentsioko 800 kilometro berri egingo dituzte, Maineko estatu guztia gurutzatzeko.
"Egitasmo hau aurreneko etapa baino ez da, beste iturri batzuetako energia Ingalaterra Berrira ekartzeko", azaldu du Iberdolako presidenteak. Sanchez Galanek eta Paul LePage estatuko gobernadoreak proiektuko azpiestazio bat inaugurutako dute ostiral honetan, Portlandetik (Maine) gertu.
AEBen eta Kanadaren arteko loturak areagotuko dituzte linea berriek, Iberdrolako buruzagiak azaldu duenez. Inbertsioak Maineko estatuaren Barne Produktu Gordinean (BPG) % 0,5-0,7ko hazkundea sortu du dagoeneko. Era berean, azpiegiturak urtero 2.700 lanpostu sortu ditu.
Lanak 2015ean amaitzen dituztenean, energia New Yorkera eramateko beste pauso bat emango dute Maineko linearekin.