Ekonomia -

Izendapena

Raul Arza, UGT Euskadi sindikatuko idazkari nagusi berria

Botoen % 55 lortu du. Pilar Collantesi gailendu zaio, eta Damaso Casadoren lekukoa hartuko du, azken horrek berriz ez aurkeztea erabaki ondoren.

Raul Arza, UGT Euskadi sindikatuko idazkari nagusi berria. EFE
Raul Arza, UGT Euskadi sindikatuko idazkari nagusi berria
Raul Arza izango da Euskadiko UGT sindikatuko zuzendari berria

0:31

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Raul Arza aukeratu dute UGT Euskadi sindikatuko idazkari nagusi berria, eta, hala, sindikatuaren burua izango da datozen lau urteotan. Damaso Casadoren lekukoa hartuko du, azken horrek berriz ez aurkeztea erabaki ondoren.

Pilar Collantesi gailendu zaio Arza, baina UGT Euskadiko idazkari nagusia izateko lehia bizia izan da. Izan ere, botoen % 55 lortu du idazkari berriak, aurkariak baino 30 bat babes gehiago.

UGT Euskadi sindikatuak Barakaldon egin duen XXI. Kongresuaren azken jardunaldian egin dute idazkari nagusi berria aukeratzeko bozketa. 250 ordezkarik hartu dute parte Kongresu horretan.

UGT ''sendo eta mesedegarria'' nahi du

Izendapenaren ondoren, sindikatuan ''batasuna'' eta gizarteari ''mesedegarri'' izateko UGT ''sendoa'' nahi duela esan du Arzak. Zehazki, lantokietan nahi du sendotasuna idazkari nagusi berriak, bertan ordezkaritza handitzeko.

Horretarako ''entzuteko prest dagoen kaleko sindikalismoa'' egingo dutela ziurtatu du Arzak, eta aholkularitza ekonomikoa indartu egingo dutela aurreratu du. Halaber, erabakiak hartzeko Madrilekiko autonomia gehiago izango duen sindikatu ''gardena'' agindu du.

Bestalde, UGT ''bizi eta dinamikoa'' eskatu du, ''gainerako sindikatuekin lan egingo duena eta babes sozial handiagoa eskatuko duena''. Ildo horretan, akordio handien alde egin du, ekonomia berpizteko, langabeziari aurre egiteko, politika fiskala aldatzeko eta zerbitzu publikoak sendotzeko.

Arazo sozial eta ekonomikoen aurrean ''beti irtenbide errealistak'' eskaini ditu UGTk, bertako buru berriak aurreratu duenez.

Bozketaren ondoren, halaber, batasunaren ideia azpimarratu du Arzak.''Denok gara UGT'', gaineratu du.

Dagoeneko aurreratu du bi agintalditara bakarrik aurkeztuko duela bere burua; eta, hala, gehienez zortzi urte egingo ditu idazkari nagusi gisa.

Arza UGT efe

(Arza, izendapenaren ondoren. EFE)

Raul Alza, UGT goitik behera ezagutzen duen Lanbideko teknikaria

Raul Arza (Laudio, 1963) 1984an sartu zen UGTn, eta, 2009an, Euskadiko X. Kongresuan, sindikatuko Antolaketa eta Komunikazio idazkari izendatu zuten. Ordutik egon da zeregin horretan, eta, orain arte, Damaso Casadoren ''bigarrena'' izan da. Hala, goitik behera ezagutzen du 100 langile dituela UGT Euskadi sindikatua.

Lan-zientzietan lizentziatua da, eta prebentzio teknikari masterra ere egin zuen, segurtasunean aditu gisa. Halaber, lan zuzenbidean aditua da. Egun, Lanbiden egiten du lan, Laudion.

Sindikatuan lan egiteaz gainera, politikan ere aritu da Arza. Hala, Laudion PSE-EEko bozeramaile izen zen 1995etik 2002era arte, eta Arabako Batzar Nagusietako kide ere izan zen 1983tik 1987ra. 80ko hamarkadan, hilabete gutxi batzutan zehar, legebiltzarkidea ere izan zen.

2012tik Itzarriko idazkaria dira, eta UGTko memoria historia berreskuratzeko helburua duen Juan de los Toyos fundazioko presidentea ere bada.

Exekutiba berria

Kongresuan, halaber, UGT Euskadi sindikatuko Exekutiba berriko kideak ere izendatu dituzte. Aurrerantzean 8 kide izango dira bertan, aurretik zeuden 11 lagunen aldean. Ildo horretan, Arzaren proposamenak ere egin du aurrera, Collantesek sei kideko exekutiba defendatzen baitzuen.

Aurreko taldeko hiru lagunek bakarrik jarraituko dute exekutiba berrian: Arza bera, Maribel Ballesteros (ekintza sindikaleko arduraduna) eta Esperanza Morales (gizarte politiketako arduraduna).

Gainerako lanetan honako hauek arituko dira: Gustavo Garcia (Antolakuntza eta Komunikazio idazkaria); Javier Gonzalez (Administrazioan eta finantzetan); eta lurralde bakoitzeko ordezkariak: Arantza Ruiz (Araba), Tomas Rodero (Bizkaia) eta Felipe Javier Pascua (Gipuzkoa).

Egun 40.000 afiliatu ditu UGT Euskadik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea