Ekonomia -

Negoziazioa

Itun fiskala datozen egunetan itxi nahi dute EAJk eta PSEk

Hitzarmena sinatzearekin batera, baliteke Eusko Legebiltzarrak politika orokorreko osoko bilkuraren data aurreratzea (hasiera batean irailaren 26an egin behar zuten).

EAJk eta PSEk bilera egingo dute astelehenean. EFE.
EAJk eta PSEk bilera egingo dute astelehenean. EFE.
Idoia Mendia: ''Itun fiskala irailean itxiko da EAJrekin''

1:43

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta PSE-EEk fiskalitatearen inguruko hitzarmena “datozen egunetan” sinatzea espero dute. Datorren astean bilera “garrantzitsua” egingo dute, oraindik adostu gabe dauden puntu batzuk aztertzeko helburuarekin.

Hitzarmena sinatzearekin batera, baliteke Eusko Legebiltzarrak politika orokorreko osoko bilkuraren data aurreratzea (hasiera batean irailaren 26an egin behar zuten).

Europa Press albiste agentziak jakin ahal izan duenez, datorren astea “berebizikoa” izango da alderdi bientzat. Fiskalitatearen inguruan adostasuna bilatuko dute, hilaren lehenengo hamabostaldian akordio bat sinatzeko helburuarekin.

EAJren eta PSE-EEren zuzendaritzek bilera egingo dute astelehenean, hilak 2, lortutako adostasunak eta zehazteke dauden beste puntu batzuk aztertzeko. Garrantzitsuena fiskalitatearen alorrean Legebiltzarrak izango duen papera adostea litzateke. Legebiltzarrak fiskalitatearen inguruko erabakiak hartu ahal izatea nahi dute sozialistek. Jeltzaleek, berriz, erabakiak Batzar Nagusietan hartu behar direla uste dute.

Sinadura

EAJren eta PSEren arteko hitzarmena, beraz, gero eta gertuago egon daiteke. Batzorde politikoek akordioa itxi beharko dute, sinadura ekitaldia egin aurretik. Ekitaldi ofizial horretan, Andoni Ortuzarrek eta Patxi Lopezek hartuko dute parte, eta jeltzaleek ez dute baztertu Iñigo Urkullu lehendakaria ere bertan izatea.

Akordioa irailaren hasieran sinatzen badute, baliteke politika orokorreko osoko bilkura aurreratzea. Europa Pressen arabera, irailaren 19a da bilkura egiteko aukeratuko duten data. Horrez gain, fiskalitatearen inguruko osoko bilkura berezia egingo dute irailean ere.

Politika orokorreko osoko bilkura

Gai horren inguruan, Idoia Mendia PSE-EEko bozeramaileak adierazi du bere alderdiak dagoeneko osoko bilkura aurreratzea eskatu duela, data hori baino lehen lanean hasteko.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, sozialisten helburua “fiskalitate justuagoa” lortzea izango dela azpimarratu du. “Enpresei bultzada eman nahi diegu, kredituak lor ditzaten”, gaineratu du.

PSE-EEk EAJri “ideiak” emango dizkiola aurreratu du Mendiak. Horren iritziz, azken urtean jeltzaleak ‘in albis’ egon dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia PSE-EE berriak Eguneko albisteak Albisteak Zerga politika gaur