Ekonomia -
Eroski eta Fagorren ekarpenak
Salmenta ezegokiaren 'zantzuak' daudela uste du Kontsumobidek
Informazioa emateko orduan zenbait erakundek jarri dituzten zailtasunak kritikatu ditu Elena Unzueta Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariak. Arbitrajea baztertu eta bitartekaritzaren alde egin du
Eroskiren eta Fagorren mendeko ekarpenen salmenta ez zela modu egokian egin ondorioztatzeko ''zantzuak'' daudela esan du astelehen honetan Elena Unzueta Kontsumobideko zuzendariak. Halaber, zenbait banku-erakundek informazioa emateko jarri dituzten zailtasunak kritikatu ditu.
Gai horren inguruan Kontsumoko Euskal Institutuak jaso dituen 833 salaketen inguruan informazioa emateko agerraldia egin du Unzuetak Eusko Legebiltzarrean.
Bertan azaldu duenez, salaketa horiek jarri zituzten lagunen % 80k argudiatu duenez, salmenta egin zuten erakundeek eskaini zizkieten produktuak.
Halaber, mendeko ekarpenak erosi zituzten bezeroen ''gehiengo handi batek'' azaldu duenez, berau sinatu zutenean ez zekiten ''betiko'' lotuta izateko produktua zenik, eta bankuekin zuten konfiantzagatik sinatu zuten. ''Gehienek'', gainera, bost urteren ondoren dirua eskura izango zutela jakitera eman zietela salatu dute.
"Zenbait kasutan ekarpenen salmenta baldintza egokitan egin ez zela esateko hainbat zantzu daudela esan dezakegu'', azaldu du Kontsumobideko zuzendariak.
Halaber, informazio hori nola eman zen bermatzeko eta, ondorioz, informazio hori ''erabat egokia'' izan zela esateko ''audio edo bideo frogarik'' ez dutela gaineratu du.
Informazioa jasotzeko zailtasunak
Unzuetak azaldu duenez, Kontsumoko Euskal Institutuak 10 erakunderi eskatu die gaiaren inguruko informazioa, baina horietatik bostek bakarrik erantzun diote Kontsumobideri. Bost horietatik bik luzapena eskatu dute eta beste hirurek ez dute informaziorik igorri.
Kontsumobideko zuzendariak ez du erakunde horien izenik aipatu nahi izan, baina dagoeneko zigor prozesua abiatu dutela aurreratu du.
Bitartekaritzaren alde egin du Kontsumobidek
Bestalde, arazoari irtenbidea aurkitzeko, Kontsumobide bitartekaritzaren alde dagoela azaldu du Unzuetak, arbitrajearekin alderatuta, bide ''azkarragoa'' delako eta kostuak ere gutxiago direlako.