Ekonomia -
Datu ofizialak
Etxebizitzen salerosketa % 23 jaitsi da abuztuan, EAEn
Lurraldeka, jaitsierarik handiena Araban izan da (% 54,7). Gipuzkoan % 26,6 jaitsi da, eta Bizkaian, aldiz, % 8,8.
Erredakzioa
Etxebizitzen salerosketa % 23 jaitsi da abuztuan EAEn, 2012ko abuztuko datuekin alderatuta. Jaitsiera etxebizitza berrien (% 31,1) eta bigarren eskukoen merkatuan izandako jaitsierek eragin dute; izan ere, % 31,1 eta % 16,6 jaitsi dira, hurrenez hurren.
INE Estatistikako Institutu Nazionalak emandako datuen arabera, abuztu osoan 715 etxebizitza salerosi zituzten Euskadin. Merkatu librean 545 operazio egin ziren (iazko abuztuan baino % 29,85 gutxiago), eta babesturiko etxebizitzen merkatuan 170 operazio egin ziren (% 12,58ko hazkundea, aurreko urteko datuekin alderatuta).
Abuztuan saldutako etxebizitza gehienak bigarren eskukoak izan ziren; 436 salerosi ziren, aurreko urteko epe berean baino % 16,63 gutxiago. Etxebizitza berriei dagokienez, berriz, 279 salerosi ziren; hau da, 2012ko abuztuan baino % 31,1 gutxiago.
Jaitsiera handiena, Araban
Lurraldez lurralde aztertuta, abuztuan 72 salerosketa egin ziren Araban (2012ko abuztuan baino % 54,71 gutxiago), 240 Gipuzkoan (% 26,6 gutxiago) eta 403 Bizkaian (% 8,82 gutxiago).