Ekonomia -
Krisia Fagorren
Jaurlaritza MCCko ordezkariekin bilduko da astelehenean
Mondragon taldeari eta Fagor Etxetresnaki "elkarlanean" jarraitzeko deia egin die, enpresak duen egoeraren ondorioz etorriko diren kalteak "ahalik eta txikienak" izateko helburuarekin.
IKER GOMEZ | EITB.COM
Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Leihakortasun sailburuak Mondragon taldeari eta Fagor Etxetresnaki "elkarlanean" jarraitzeko deia egin die, enpresak gaur egun duen egoeraren ondorioz etorriko diren kalteak "ahalik eta txikienak" izateko helburuarekin.
Horrez gain, Tapiak iragarri du astelehenean MCCko ordezkariekin eta Gipuzkoako erakundeetako arduradunekin batzartuko direla. Besteak beste, Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiarekin eta Debagoiena eta Urola Kosta eskualdeetako alkateekin bilduko dira.
Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, Tapiak elkartasuna adierazi die langileei eta euren familiei, eta Fagorrek gaur egun duen egoera "batzuen eta besteen artean liskarra sortzeko" ez erabiltzea eskatu du. "Ez da errudunak bilatzeko unea, irtenbideak aurkitzekoa baizik”, gaineratu du.
Bestalde, Mondragon taldeak esan du enpleguak mantentzea izango dela bere "lehentasuna". Profilak definitzen eta bazkideei zuzendutako programa bereziak sortzen hasi dela gaineratu du.
Mondragoneko iturriek Europa Pressi jakinarazitakoaren arabera, enpleguaren arazoari erantzunak emateko lanean hasi dira dagoeneko. "Talde moduan gehien kezkatzen gaituena enpleguaren gaia da, gure lehentasuna enplegua izango da", adierazi dute.
Bestalde, Fagor Etxetresnaki diru gehiago ez emateko erabakia "aho batez" hartu zutela berretsi du. Enpresaren plana aztertu ondoren, "bideragarritasunik" ez zeukala ondorioztatu zuten MCCko arduradunek.