Krisi Ekonomikoa -

Krisia Fagorren

Fagorren Poloniako filiala hartzekodunen konkurtsoan sartu da

7 eta 10 egun arteko epea jarri dio bere buruari Fagor Etxetresnakek finantzaketa lortzeko.

Fagor Mastercook Etxetresnen Poloniako filiala, hartzekodunen konkurtsoan dago jada.
Fagor Mastercook
Fagor Mastercook Etxetresnen Poloniako filiala, hartzekodunen konkurtsoan dago jada.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fagor Mastercook S.A.-k, Fagor Etxetresnak kooperatibaren Poloniako filialak, hartzekodunen konkurtsoan sartzeko eskaria egin du gaur, kooperatibak Espainiako Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari jakinarazi dionez. Donostiako Merkataritza alorreko Epaitegian sartu du eskaria Fagorrek, Konkurtso Legeak eskatzen duen moduan.

Fagor Etxetresnakek, berriz, urriaren 16an aurkeztutako aurrekonkurtso egoeran jarraitzen du, egungo egoerari irtenbidea ematen saiatzeko, bere jarduerari "jarraipena" emango dion finantziazioa aurkitzeko epeak betetzen.

Erabakia gaur bertan helarazi diote Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari, MCC Fagorren proposamenaren aurka agertu eta laguntzarik ez ematea erabaki eta biharamunean.

Poloniako filialak hornitzaileekin dituen zorrak ordaintzeko finantziaziorik ez duelako hartu dute erabakia.

Poloniako lantegian 1.800 beharginek egiten dute lan, eta 220 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen 2012an, Fagorreko iturriek azaldu dutenez.

Frantziako lantegia

Frantziako Estatuan dituen lantegien kasuan, aipatu iturriek adierazi dute ez dutela hartzekodunen konkurtsoa eskatu. Hala ere, hiru aste egin dituzte etenda, eta langileak zain daude datorren asteazkenean sindikatuek eta zuzendaritzak egingo duten bileraren emaitzaren zain, EiTBk jakin ahal izan duenez.

Sindikatuen ustez, Fagor Brandt enpresak ordainketen etenaldia iragarriko du bilera horretan. Egoera horretara iritsiz gero, merkataritza arloko epaitegi batek esku hartuko du, eta hiru aukeraren artean erabaki: dena berriz martxan jarri, lantegia interesa duen beste enpresa baten esku utzi edo dena itxi. Litekeena da azken horren alde egitea, horien arabera. Hori dela eta, harremanetan jarri dira Industria ministroarekin, eta 60 milioi euroko eskaria dutela jarriko diote mahai gainean.

Fagorrek 2005ean erosi zuen Frantziako filiala, eta, askoren esanetan, erabaki okerra izan zen, krisia aurreikusi gabe egin zelako. Guztira 2.000 langile ditu lau lantegi eta logistika zentro batean banatuta.

Kooperatibak azaldu duenez, horrek ez dio Fagor Etxetresnaki eragingo, eta hartzekodunen aurrekonkurtsoan jarraituko duela iragarri du, konkurtso legeak hori egitea ahalbidetzen duelako.

Kotizazioa, bertan behera

Bestalde, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak Fagor Etxetresnak kooperatibaren kotizazioa bertan behera uztea erabaki du, balorearen gaineko operazioen joera normala alda dezakeen egoera batean dagoelako.

Derrigorrezkoa den izapide hori beteta, Fagorrek agiri bat kaleratuko du, datozen egunotan egingo dituen urratsak azaltzeko.

Litekeena da Fagor Etxetresnakek hartzekodunen konkurtsoan sartzeko erabakia hartzea berandu baino lehen, bart MCCk Fagorren egitasmoa ez zela "bideragarria" eta finantziaziorik ez ematea erabaki ostean. Fagorren proiektuak "ez die merkatuaren beharrei erantzuten, eta eskatzen dituen baliabide ekonomikoek ez dute enpresaren etorkizuna bermatzen", Mondragon Korporazio Kooperatiboaren arabera.

Atzo arratsaldean, Fagor Etxetresnaken Kontseilu Errektoreak eta Kontseilu Sozialak ohartarazi zuten eskatutako finantziazioa lortu ezean (eta ez dute lortu), hartzekodunen konkurtsoan sartuko zela kooperatiba, eta horrek enpresaren jarduera osoa etetea eta lanpostu guztiak galtzea ekarriko zuela.

Finantzaketa lortzeko epea

7 eta 10 egun arteko epea jarri dio bere buruari Fagor Etxetresnakek finantzaketa lortzeko, Xabier Bengoetxea Fagor Etxetresneko Kontseilu Errektoreko presidenteak ostegun honetan Goiena Telebistan egin duen elkarrizketan azaldu duenez.

Aurretik ere, finantziazioa lortzen ez badu, lau hilabeteko epe legala agortu baino lehen ere hartzekodunen konkurtsoa eska lezakeela jakinarazi dio Fagor Etxetresnakek Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV).

Konpainiak agiri bat bidali dio arratsaldeko azken orduan CNMVri, goizeko oharra osatzeko. Goizekoan, Poloniako filialak konkurtsoari heldu diola baieztatu dio.

Kooperatibaren esanetan, "zorra berriz finantzatzea lortzeko lanean" jarraitzen dute, baina, "epe laburrean" dirua lortzen ez badute, ez dute baztertzen aurrekonkurtso egoera bukatu baino lehen eskatzea konkurtsoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Fagor Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Mondragon korporazioa argazkiak Ekonomia berriak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Enpresen albisteak Zer gertatu da gaur Varsovian?