Ekonomia -
Valentzia
RTVVko langileak elkarrizketaren alde, enpresa 'bideragarria' baita
Langileen batzordeak "askotan" eskatu du Generalitateko presidentearekin eta presidenteordearekin biltzea, baina ez diote inoiz onartu, langileen arabera.
Erredakzioa
Salut Alcover Valentziako Irrati Telebistako (RTVV) langileen batzordearen presidenteak "adostasuna" eskatu die alderdi politikoei, eta langileen ordezkariekin "elkarrizketak" izan ditzaten eskatu du; izan ere, euren ustez, "bideragarria da eta etorkizuna du".
Alcoverrek gaur, asteazkena, RTVVko ehun langilek baino gehiagok Generalitatearen Jauregiaren atarian egindako elkarretaratze batean parte hartu du. Protesta Alberto Fabra Generalitateko presidentea agerraldia egiten ari zen bitartean egin dute. Fabraren esanetan, enpresa horren itxiera "negoziaezina da".
RTVV "bideragarria da eta etorkizuna du", esan du Alcoverrek, eta, bide batez, Gobernuak "urte eta erdian –enplegu-erregulazioko txostenak iraun duen epean– elkarrizketak egiteko borondaterik" erakutsi ez izana salatu du. Enplegu-erregulazioko txostena bertan behera utzi zuen atzo, asteartea, Valentziako Justizia Auzitegi Nagusiak eta, horrezkero, Generalitateak emisioak eteteko erabakia jakinarazi du.
Langileen batzordeak "askotan" eskatu du Generalitateko presidentearekin eta presidenteordearekin biltzea, baina ez diote inoiz onartu, langileen arabera.
Alcoverren esanetan, RTVVk behar duena "adostasuna eta elkarrizketa da. Adostasuna, Valentziako Gorteetan ordezkaritza duten alderdien artean, eta elkarrizketa, langileen ordezkariekin", enpresa "bideragarria" delako eta "agintari onak, hitz egiteko eta negoziatzeko prest egon behar direnak" behar dituztelako.