Ekonomia -
2014rako kontuak
Bilduk eta EAJk akordioa lortu dute Gipuzkoako aurrekontuetan
EAJk baldintza bat jarri zuen aurrekontuak babesteko, alegia, krisialdiaren kontrako neurrietarako 15 milioi euro gehiago bideratzea; Bildu hasieratik agertu da onartzeko prest.
Erredakzioa
Bilduk eta EAJk adostasuna lortu dute Gipuzkoako 2014rako aurrekontuak onartzeko, Martin Garitano ahaldun nagusiak iragarri duenez.
Garitanoren esanetan, "negoziazioak bukatu berri dira" eta, horrezkero, badago akordioa bi alderdien artean eta abenduaren 23an aurrekontuak onartu ahal izango dituzte. EAJk baldintza bat jarri zuen aurrekontuak babesteko, alegia, krisialdiaren kontrako neurrietarako 15 milioi euro gehiago bideratzea; Bildu hasieratik agertu da onartzeko prest.
Halaber, jeltzaleek ere akordioa lortu dutela berretsi dute eta, gaur, prentsaurreko bat emango dute akordioaren nondik norakoak azaltzeko. Akordioa lortuta, Bilduk lehenengo oztopoa gainditu du, EAJ ez baitu PSE-EEk eta PPk aurkeztutako zuzenketarik babestu.
Itunaren zehaztasunak ezagutzen ez badira ere, enplegua sortzeko eta krisialdiari aurre egiteko diru-partida berriak egotea espero da; diru-partidok zuzenketetan jasoko dira eta Batzar Nagusietako Ogasun batzordean onartuko dituzte astelehenean.
EAJren baldintzak onartuta, aurrekontuak abenduaren 23an onartuko dituzte, espero denez, jeltzaleen babesari esker. "Negoziazioak burutu berri ditugu eta, EAJrekin akordioa itxi ostean, esan dezaket, ustekabeko gertaerarik izan ezean, hilabete honetako 23an onartuko dira Gipuzkoako aurrekontuak", esan du Garitanok. Halaber, nabarmendu du Gipuzkoako gobernuak "kudeaketarako eta akordioak lortzeko gaitasuna, eta Gipuzkoa berri bat eraikitzeko konpromezua" izatea erakutsi duela.
Ahaldun nagusiaren hitzetan, aurrekontuek "pertsonak, enplegua sortzea eta garapen ekonomikoa dute helburu", hori dela eta, "krisiaren kontrako 758 milioiko plana da".
Gainera, nabarmendu duenez, aurrekontuei esker, Gipuzkoa murrizketa sozialik gabeko lurraldea izango da, "aurrekontuen % 48,7, ia erdia, politika sozialetarako bideratuko baita". Gaitanoren arabera, Berrikuntza Sailak eta Diputazioaren Lurralde Garapeneko zuzendaritzak "badakite enplegua sortzen ahalegindu beharko direla".
"Krisialdiak eskualdeen arteko oreka alda ditzake, horietako batzuk bereziki krisialdia pairatzen ari dira -Fagorreko krisiak Debagoienako familietan izandako eragina aipatu besterik ez dago-", azpimarratu du ahaldun nagusiak.
"Hori dela eta, gure apustuak eskualde mailakoa da, eta lurralde osoko Garapen Agentziekin aberastuko da", gaineratu du. Akordio honi esker, Bilduk legealdiko hirugarren aurrekontuak onartzea lortuko du, nahiz eta gehiengo osoa ez izan. 2012koak EAJren babesari esker onartu zituzten, eta aurtengoak PSE-EEren babesari esker.