Ekonomia -
Dokumentazioa
Herrialde arabiarrak, EAEko ekonomiarentzat gero eta garrantzitsuagoak
Azken hilabeteetan enkargu aipagarriak lortu ditu Euskadik. Mekako abiadura handiko trena eta Airbusek Arabiar Emirerri Batuei salduko dizkien 140 hegazkinen fabrikazioan parte hartuko du.
Erredakzioa
Herrialde arabiarrek gero eta garrantzia handiagoa dute Euskadiko ekonomian. Gaur egun EAEko esportazioen % 5 dira bakarrik, baina zifrak gora egiten ari dira etengabe.
Azken hilabeteetan enkargu aipagarriak lortu ditu Euskadik. Mekako abiadura handiko trena eta Airbusek Arabiar Emirerri Batuei salduko dizkien 140 hegazkinen fabrikazioan parte hartuko du.
Maroko, Aljeria eta Saudi Arabia dira, ordena horretan, Euskadik Arabiar Ligara egiten dituen esportazioen hartzaile nagusiak. Arabiar Ligak 1.000 milioi euro utzi zituen 2012an, Euskadin egindako ondasun eta zerbitzuetan. Arabiar Ligak gas eta petrolio industriarako ingeniaritza eta osagaiak erosi zituen gehienbat, baina baita azpiegituretarako eta eraikuntzarako osagaiak ere.
Gero eta euskal enpresa gehiago ausartu dira arabiar merkatuetan sartzen, eta dagoeneko emaitzak bistakoak dira. Bizkaiko ITP enpresak 140 hegazkinen motorrak egingo ditu. Airbusek Arabiar Emirerri Batuetako bi aire-konpainiari salduko dizkio. Bestalde, Talgo Mekako abiadura handiko trenaren bagoiak Rivabellosan egiten ari da, eta Beasaingo CAFek beste bederatzi tren egin behar ditu Arabiar Emirerri Batuentzat. Horrela, euskal esportazioak hamarkada batean bikoiztu egingo direla uste dute adituek.
Lehendakaria, arabiar herrialdeetako ordezkariekin. Argazkia: EFE
Oman: Esportazioen aldaketetan herrialderik aipagarriena da. 2010ean Euskadik 284.363 milioi euroko balioa zuten gaiak esportatu zituzten, baina 2012an 19.881 milioi eurora murriztu ziren.
Saudi Arabia: Esportazioek gora egin dute nabarmen azken bi urteetan.
Aljeria: Esportazioek behera egin dute nabarmen azken bi urteetan.
Maroko: 2010eko datuekin alderatuta, azken bi urteetan esportazioek behera egin dute, baina Euskadik harreman estuak ditu herrialde horrekin; Arabiar Ligako gainerako herriekin baino harreman estuagoak behintzat.
Irak: 2012an inportazioek % 34,6 egin zuten gora. Inportazioak esportazioak baino ugariagoak dira.
Arabiar Emirerri Batuak: 2011n esportazioek gorakada ikaragarria (% 96) izan zuten 2010eko datuekin alderatuta, baina 2012an behera egin zuten, % 24. Arabiar Emirerri Batuak munduko herrialde garatuenetariko bat da; hala ere, geografikoki banaketa oso desberdina da.
Libia: Gadafi presidentea kargutik kendu zuen gerrak esportazioetan eta inportazioetan aldaketa garrantzitsuak eragin zituen 2011n eta 2012an.
Qatar: Hazkunde ekonomiko ikaragarria izaten ari da, eta bizi-kalitate handia du. Qatarrek petrolio asko du, eta munduan gas erreserba handienak dituzten herrialdeen artean hirugarrena da.