Ekonomia -
Produkzioa igoko du
Volkswagen Nafarroak 10.000 auto gehiago ekoitziko ditu 2014an
Guztira 300.000 ibilgailu produzituko dituzte Nafarroako lantegian. Gainera, lan hitzarmen kolektiboaren behin betiko dokumentua sinatu du gaur enpresak.
Erredakzioa
Volkswagen Nafarroak 2014rako ekoizpen programan 10.000 auto gehiago produzituko dituela erabaki du. Guztira, 300.000 Polo ibilgailu ekoitziko ditu enpresak.
Programa berri hori aurrera eramateko, hiru lan-txanden desplazamenduak antolatuko dira, UGT sindikatuak gaur azaldu duenez.
Gainera, Volkswagenek eta UGT, CCOO eta CGC sindikatuek gaur sinatu dute VIII. lan hitzarmen kolektiboaren behin betiko dokumentua.
UGT "pozik" agertu da hitzarmenaren emaitzarekin; izan ere, sindikatuaren ustez, "bermeak eta etorkizuneko aukerak eskaintzen dituen hitzarmena da. Horren erakusle da gaur zuzendaritzak hartu duen erabakia: 2014an 10.000 ibilgailu gehiago ekoitziko dituzte, A05 modelokoak".
Hitzarmenaren nondik norakoak urrian bozkatu zituzten langileek, galdeketa batean. 4.290 langiletik 3.638 joan ziren botoa ematera: % 62,51 alde agertu ziren, eta % 32,30, aldiz, aurka.
Hitzarmenak bost urte iraungo du, eta urte bakoitzean aurreko urteko KPIaren arabera igoko diete soldata langileei, bai soldata finkoan, baita aldakorrean ere. Gainera, 'produkzio bonusa' izeneko lansari berri bat dakar, urtean ekoizten den auto kopuruaren arabera aldatuko dena.