Ekonomia -

Tentsioa

Dozenaka manifestarik Blesaren autoa astindu dute Auzitegi Nazionalean

Txikizkariak eta erretirodunak "eskolagabeak" ez direla adierazi du Miguel Blesa Caja Madrideko presidente ohiak Fernando Andreu epailearen aurrean.

Manifestariak Blesaren autoaren alboan. Argazkia: EFE
Manifestariak Blesaren autoaren alboan. Argazkia: EFE
Manifestariak Blesaren autoaren alboan. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lehentasunezko akzioak dituzten dozenaka bezerok Miguel Blesa Caja Madrideko presidente ohiaren autoa astindu dute Auzitegi Nazionaletik atera denean. Ur-puxikak bota dizkiote oihu eta irain artean.

Fernando Andreu epailearen aurrean deklaratzen ordubete eman ostean, auto bat zain zuen Blesak. Auzitegi Nazionaleko garajean buelta eman du ibilgailuak, Prim kalea kontrako noranzkoan zeharkatzeko, Recoletos pasealekura atera nahian.

Poliziak kaleak hartu ditu, baina ehunka manifestarik segurtasun-lerroa hautsi dute. Lehentasunezko akzioak dituzten bezeroek autoa gelditu, astindu eta jo dute. Blesari "lapurra" eta putasemea" deitu diote ur-puxikak botatzen zizkioten bitartean.

Blesa 14:15 aldera heldu da Auzitegi Nazionalera. Oihu eta txistu artean hartu dute lehentasunezko akzioak dituzten bezeroek, eta Poliziak Auzitegi Nazionaleko ateetara hurbiltzea galarazi die bertan protestan bildutakoei.

"Ez dira eskolagabeak"

Caja Madrideko presidente izan zen bitartean bezeroek lehentasunezko akzioen interesak kobratu zituztela nabarmendu du Blesak epailearen aurrean, eta txikizkariak eta erretirodunak "finantza-ezjakinak" ez direla erantsi du.

Bankari ohiak Fiskaltzaren eta bere abokatuaren galderei bakarrik erantzun die. Lehentasunezko akzioen arriskuak informazio-triptikoan zehaztu zituztela argudiatu du Blesak. Ondorioz, bezeroek sinatu baino lehen irakurtzeko ardura zuten, bankari ohiaren hitzetan.

Bestalde, Gerardo Diaz Ferran CEOEko presidente ohia galdekatu du epaileak. Diaz Ferran Soto del Realeko (Madril) espetxetik ekarri dute; izan ere, 2012ko abendutik preso dago bertan.

2009ko irailean Administrazio Kontseiluaren bilera batera joan zela argudiatu du Diaz Ferranek. Gainerako bileretan botoa Blesaren eskuetan utzi zuela erantsi du CEOEko presidente ohiak, eta eskandaluaren berri izan arte ez zuela lehentasunezko akzioak zirela jakin azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea