Ekonomia -

Lan-istripua

'Oso larri' daude Zestoako galdategian zauritutako langileak

Bi langileak Gurutzetako Ospitalean daude. Bien bitartean, beste lankide bat Donostia Ospitalean artatu dute, eta "egonkor" dago.

Sutea gaur goizeko lehenengo orduan piztu da. Irudia: EiTB
Sutea gaur goizeko lehenengo orduan piztu da. Irudia: EiTB
Sutea gaur goizeko lehenengo orduan piztu da. Irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zestoako (Gipuzkoa) Azkola galdategian zauritutako langile bik "oso larri" jarraitzen dute Gurutzetako Ospitalean. Donostiako Ospitalean dagoen hirugarren behargin bat, berriz, "egonkor" dago, eta "hobera egin du" azken orduetan.

Donostia Ospitalean 10:30ean iragarritako agiriaren arabera, F.A.G. 56 urteko langilea Gurutzetako Ospitalean dago, Erredura Handien Unitatean. "Aurpegian eta buruan (% 6) bigarren mailako erredurak ditu", Osakidetzak jakitera eman duenez. E.A.B. 43 urteko langileak "aurpegian, buruan eta hanketan (% 12) bigarren mailako erredurak ditu". Arnasa hartzeko laguntza behar dute, baina oraingoz ez dute ebakuntza premiarik. A.B.A. 53 urteko langilea Donostia Ospitalera eraman zuten, hanketan eta eskuetan erredurak zituela.

Beste hamar langile Gipuzkoako osasun zentroetan artatu zituzten, kea arnastu baitzuten. Langile bat Mendaroko Ospitalean artatu behar izan zuten, baina zauri arinak zituen.

Sutea 09:10ean piztu zen Azkola Galdategian, Zestoako Arroa Bekoa auzoan. Lantegia hustu behar izan zuten.

Ertzaintza, Osakidetzako helikoptero bat eta Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileak bertaratu ziren. Suhiltzaileek sua itzali zuten, eta helikopteroak zauritutako langile bat eraman zuen.

Ikerketa

ELA eta LAB sindikatu abertzaleek lan-istripua argitzeko ikerketa egitea eskatu dute. "Zuzendaritzaren okultismoa eta informazio eskasa", salatu du LABek agiri batean. ELAren hitzetan, sua lanpara batek piztu zuen. Antza denez, lanpara likido sukoia gordetzen zuen tanga batean erori zen, eta horrek eztanda eragin zuen.

Osalaneko teknikariak gertatutakoa ikertzen ari dira, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen iturriek azaldu dutenez.

ELAren ustez, "krisi testuinguruan, enpresek ez dute prebentzio neurrietan inbertsiorik egiten, eta horrek langileen osasunean eragiten du zuzenean".

LABek salatutakoaren arabera, "enpresa horretako prekarietatea eta baldintza txarrak ezagunak dira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak gaur Zestoa