Ekonomia -
Larunbatetik aurrera
Indarrean da argiaren faktura berria
Agiri berriek hiru zati izango dituzte: argindarraren ekoizpenaren kostua, zergak eta araututako kostuak.
Erredakzioa
Argindarra hornitzen duten enpresek faktura eredu berria erabiliko dute larunbat honetatik aurrera. Eredu berria Industria, Energia eta Turismo Ministerioak onartutakoa da, ostiralean Estatuko Buletin Ofizialean agertutako erabakiaren arabera.
Faktura berriak ulergarriagoa izatea du helburu.
Berrikuntza handienetako bat fakturaren zenbatekoa portzentajeetan banatuta agertzea da. Hiru atal izango ditu fakturak: argindarraren ekoizpenaren kostua, zergak eta araututako kostuak.
Fakturak egitura ezberdina izango du bezeroaren arabera, baina, orokorrean, hiru orrialde izango ditu.
Lehenengoan, enpresa hornitzailearen logotipoa agertuko da, fakturaren zenbatekoa, bezeroaren datuak eta kontratatutako eta kontsumitutako potentzia, atalka bereizita.
Bigarren orrialdean, faktura atalka zehaztuta agertuko da, besteak beste. Horrela, kontsumitazileak fakturaren zati bakoitza zein atali dagokion jakiteko modua izango du.
Hirugarren orrialdean, kontsumoak ingurumenean duen eragina agertuko da, eta, horrez gain, araututako prezioari eta bonu sozialari buruzko informazioa emango dute bertan.