Ekonomia -
Gowex
Jenaro Garciak barkamena eskatu die Gowexeko langileei, e-mailez
Bere akzioak enpresaren esku utzi ditu eta langileei "munduko proiekturik onenean" lanean jarraitzeko esan die.
Erredakzioa
Jenaro Garcia Gowexeko presidenteak barkamena eskatu die lankideei, enpresari egindako "erremediorik gabeko kalteagatik", posta elektronikoz mezua bidalita. Mezua 06:00etan igorri die. Halaber, Garciak gertatutakoan erantzukizunik ez dutela esan die eta bere akzioak enpresaren esku daudela iragarri du.
"Ziur naiz nire portaerak izugarri atsekabetu zaituztela, eta ez da gutxiagorako. Kalte handia egin dizuet, erremediorik gabekoa, zuei eta zuen senide zein lagunei", idatzi du Garciak mezu horretan.
Lehen paragrafoetan, Gowexeko presidenteak bere gain hartu du iruzurraren erantzukizun osoa eta barkamena eskatu die lankideei. "Ez dut sinesgarritasunik", idatzi du, eta egindako kaltea konpontzea oso zaila dela onartu. "Barkamena eskatzen dizuet, eta Justiziarekin elkarlanean aritzeko asmoa dut, baina badakit hori ez dela nahikoa".
Garciak argi eta garbi esaten die langileei: "Egoera sortu duten gertaera negatiboetan ez daukazue inolako erantzukizunik". Langileek gertatutakoarekin zerikusirik izatea ukatu zuten astelehenean.
"Munduko proiekturik onena"
Era berean, presidente ohiak bere akzioak enpresaren esku utzi dituela iragarri du: "Inbertsoreak aurkituz gero, nire akzioak kapitalizatu egin daitezke, eta horrek akziodunei egindako kaltea arinduko du".
Kalteak bere familiak ere jasan dituela esan du Garciak: "Diru guztia inbertitu dut, zorretan ere sartu naiz azken asteetako jarduerari sostengua emateko (...). Nire familiak eta lagunek ere inbertitu dute".
Hala ere, Jenaro Garciaren arabera, Gowexek etorkizuna du, eta iruzurra aitortu aurretik langileei esandakoei eutsi die. "Jende aparta" dela esan eta animoak ematen dizkie: "Inork ez du zuek duzuen bezalako lan-esperientzia izan, ezta izango ere".
"Ez nuke Gowex inola ere utziko"
"Nik ez nuke Gowex inola ere utziko, esperientziak aurrera jarraitzen dutenen izaera eta nortasuna eraikiko duelako", esan die langileei. "Jarrai ezazue zuzendariekin lanean, baina ez nigatik, zuengatik baizik".