Ekonomia -

EB-ren isuna

Asteazkenean erabakiko dute opor fiskalen isuna nola ordaindu

Eusko Jaurlaritzak Euskal Finantzen Kontseiluaren premiazko bilera deitu du egun horretarako, 30 milioi euroko isunaren ordainketa nola banatu erabakitzeko.

Ahaldun nagusiak, Ogasun sailburuarekin. Argazkia: EiTB
Ahaldun nagusiak, Ogasun sailburuarekin.
Ahaldun nagusiak, Ogasun sailburuarekin. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Euskal Finantzen Kontseiluaren (EFK) bilera deitu du ofizialki asteazkenerako, 'opor fiskalak' direla eta jasotako 30 milioi euroko isunaren ordainketa erakundeen artean nola banatu erabakitzeko.

Bilera arratsaldeko ordu batean izango da, baina aurretik Ogasun Sailak eta aldundiek elkarrizketak izan dituzte, asteazkeneko bileran akordiorako aukerak egon daitezen.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak isuna jarri zion Espainiako Erresumari 90eko hamarkadan indarrean izan ziren laguntza horiek beranduegi berreskuratzeagatik.

Espainiako Estatuak dagoeneko ordaindu du isuna, eta aurreko astean gutuna igorri zien euskal erakundeei, isunaren ordainketa beren gain har dezaten. Idatzian, ordainketa egiteko proposamen bat egin zuen Espainiako Gobernuak, banaketa hau proposatuz: Arabak % 65, Bizkaiak % 21,29 eta Gipuzkoak % 12,86. Horrek Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiaren haserrea eragin zuen, baina Madrilek berehala erantzun zuen proposamen bat zela eta ez zela loteslea.

Ordutik aurrera, etengabeak izan dira euskal erakundeen arteko elkarrizketak, negoziatutako irtenbide batera iristeko. Azkenean, Jaurlaritzak hartuko du isunaren zati handiena ordaintzeko ardura.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea