Ekonomia -
Aurrekontuak
Gastua 21.000 milioi eurotan murriztuko du Frantziak 2015ean
Hala ere, Bruselarekin adostutako defizit helburuak beteko ez dituztela azaldu du Frantziako Gobernuak. Kontu publikoek ez dute 2019ra arte oreka berreskuratuko.
Erredakzioa
2015erako aurrekontu orokorrak aurkeztu ditu Frantziako Gobernuak asteazken honetan. Gastua 21.000 milioi eurotan murriztuko du Exekutiboak. Hala ere, Bruselarekin adostutako defizit helburuak beteko ez dituztela azaldu du Parisek.
Finantza Lege-proiektuaren (PLF) arabera, defizitak pixka bat behera egingo du datorren urtean; izan ere, % 4,4tik %4,3ra jaitsiko da 2015ean. 2016an % 3,8ra jaitsiko da eta 2017an % 2,8ra. Horrela, kontu publikoek ez dute 2019ra arte oreka berreskuratuko, espero baino bi urte beranduago.
Defizita murrizteko, datozen hiru urteetan gastua 50.000 milioi eurotan murrizteko egitasmoa iragarri du Gobernuak. Horrela, 2015ean murrizketa 21.500 milioikoa izango da eta 14.500 milioikoa 2016an eta 2017an.
Babes soziala eta osasun gastua
Konkretuki, 2015ean murriztu behar dituzten 21.000 milioi euroetatik, 7.700 milioi Estatuari dagozkio, 6.400 milioi babes sozialari, 3.700 milioi entitate lokalei eta 3.200 milioi osasun gastuari.
Murrizketak hazkundea, enplegua eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriekin lagunduko dituztela gogorarazi du Gobernuak. Iragarritako neurriak aurreikusitako egutegiaren arabera ezarriko dituzte.
Zentzu horretan, Michel Sapin Ekonomia ministroak murrizketak arbuiatu ditu, baina "aurrekontuetan seriotasuna" beharrezkoa dela adierazi du. Era beran, diru-sarrera txikienak dituzten etxeei zergak jaisteko konpromisoa mantendu du Sapinek.