Ekonomia -

Bosgarren greba eguna

Sindikatuak: ‘Istiluekin arreta desbideratu nahi du Aldundiak’

Bizkaibuseko konpainiek aurkeztutako proposamena “positiboa” eta “aurrerapauso” bat dela uste dute sindikatuek, baina lanuzteak bertan behera uzteko “nahikoa ez” dela erantsi dute.

Aldundiari lanpostuei eusteko exijituz manifestazioa egin dute goizean langileek. EFE
Bizkaibuseko langileen greba
Aldundiari lanpostuei eusteko exijituz manifestazioa egin dute goizean langileek. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Aldundia lanuzteetan gertatu diren istilu “puntualak arreta desbideratzeko erabiltzen” ari dela salatu dute gaur Bizkaibuseko sindikatuek. Langileek bosgarren greba eguna egin dute ostiral honetan.

Zerbitzuaren lanpostuak mantentzeko “benetako” konpromiso bat eskatzen diote langileek Aldundiari.

ELA, CCOO, LAB, UGT eta LSB/USO sindikatuek deituta, 1.200 pertsonek manifestazioa egin dute Bilboko erdialdean, sindikatuetako iturrien arabera.

Bestalde, konpainiek aurkeztutako proposamena “positiboa” eta “aurrerapauso” bat dela uste dute sindikatuek; izan ere, langileen baldintzak eta hitzarmena mantentzea onartzen dute, baina lanuzteak bertan behera uzteko “nahikoa ez” dela erantsi dute.

Autobus bat harrikatu dute

Bizkaibuseko bosgarren greba-egunean gutxieneko zerbitzuak eskaini behar zituen TCSAko autobus bat harrikatu dute gaur goizean, Galdakaon, eta hiru leiho apurtu dizkiote. Horrez gain, Galdakaoko Ospitaletik EuskoTreneko geltokirainoko zerbitzua (ez da Bizkaibusena) eskaintzen duen autobusaren kontra ere harriak bota dituzte, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez.

06:45ean, A-3641 linean gutxieneko zerbitzuak eskaini behar zituen autobus bati harriak bota dizkiote Galdakaoko Ospitalean. Bizkaibusena zelakoan, erietxearen eta EuskoTreneko geltokiaren artean zerbitzua eskaintzen duen beste autobus bat ere harrikatu dute, Aldundiko iturriek agertu dutenez.

Iturrion arabera, gidariari "sustoa" eragiteaz gain, gutxieneko zerbitzuan atzerapenak izan dira, kaltetutako autobusa ordezkatu behar izan dutelako. Hala, Foru Aldundiak sabotajea salatu du.

Gainerako gutxieneko zerbitzuak normaltasunez eskaini dituzte.

Gaitzespena

Greban izandako liskarrak berriro gaitzetsi dituzte sindikatuetako iturriek, baina “puntualak” direla errepikatu dute. Gainera, Aldundia istilu horiek gatazkaren “arreta desbideratzeko” erabiltzen ari dela salatu dute.

Era berean, autobusaren aurkako erasoa gaitzetsi du Aldundiak. Gutxieneko zerbitzuen informazioa geltokietatik kendu dutela salatu du Aldundiak, “herritarrei kalte egiten zaielako”.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Grebak albisteak Ekonomia albisteak Bizkaibus gaur Albisteak Gaur Albisteak Sindikatuak Bizkaiko Foru Aldundia azken orduko albisteak