Ekonomia -
Lan-gatazka
Aldundiak asteazkenerako deitu ditu Bizkaibuseko sindikatuak
Astearteko greba bere horretan mantendu dute sindikatuek, Aldundiak zer eskaini zain.
Erredakzioa
Bizkaiko Foru Aldundiak asteazkenerako, urriaren 22rako, bilera batera deitu ditu Bizkaibuseko sindikatuak, lan-gatazka konpontzeko asmoz.
Pedro Marquina UGTko bozeramaileak azaldu duenez, sindikatuek pozik hartu dute Iker Bergaretxe Aldundiko Garraio zuzendariaren deia. Marquinaren hitzetan, garraio-enpresek lan-baldintzei eusteko borondatea agertu dute, eta, horrenbestez, "Aldundiaren ekimena baino ez da falta; asteazkenean akordioa betetzeko prest dagoela esatea espero dugu".
Bizkaibuseko langileek seigarren greba-eguna dute gaur. Sindikatuen arabera, iaz izenpetutako hitzarmena ez du bete Bizkaiko Foru Aldundiak; izan ere, hainbat autobus-linea kendu arren, 300 lanpostu bermatzea adostu zuten bi aldeek. "Foru Aldundiak ez du hitza bete. Irtenbiderik jartzen ez badu, greba mugagabera joko dugu", ohartarazi du Iñaki San Andres ELAko kideak.
Aurreko astean sindikatuek, Foru Aldundiak eta garraio-enpresek izandako bileran, lan-baldintzen inguruan adostasunak topatu zituztela esan du ELAko ordezkariak. Horren hitzetan, baina, akordioa behin betiko ixteko, Diputazioak lanpostu guztiak bermatzeko konpromisoa hartu behar du. "Foru Aldundia langileak eta erabiltzaileak bere komenentziara erabiltzen ari da", gaineratu du.
San Andresen esanetan, sindikatuak "arazoa sozializatzen" ari dira, erabiltzaileen artean informazioa zabalduz eta gatazkaren xehetasunen berri emanez.
Aste honetarako lau mobilizazio-egun dituzte deituta: gaurkoa, biharkoa, ostegunekoa eta ostiralekoa. Halaber, akordiorik ezean, hilaren 27tik aurrera greba mugagabea deituko dute.