Ekonomia -

Greba Bizkaibusen

Sindikatuek eta Bizkaiko Aldundiak ez dute akordiorik lortu

Hala ere, zenbait puntutan jarrerak hurbildu dituztela onartu dute Bizkaibuseko sindikatuek. Bestalde, akordioa “oso gertu” dagoela uste du Bizkaiko Aldundiak.

Konponbidea Aldundiaren esku dagoela uste dute sindikatuek. EFE
Bizkaibuseko langileak
Konponbidea Aldundiaren esku dagoela uste dute sindikatuek. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaibuseko langileek beste greba egun bat egingo dute ostegun honetan. Sindikatuek eta Bizkaiko Foru Aldundiak bilera egin dute gaur, baina ez dute akordiorik lortu gatazkari amaiera emateko, ELAko iturriek jakitera eman dutenez.

Nahiz eta zenbait puntutan jarrerak hurbildu dituztela onartu, lineak eta lanpostuak mantentzeko bermerik ez dagoela uste dute sindikatuek. Horregatik, manifestazioa egingo dute ostegun honetan. Protesta 10:00etan abiatuko da ETBko egoitzatik (Bilbo).

Bizkaiko Foru Aldundiak, ostera, akordioa “oso gertu” dagoela uste du. Ostegun honetan, 10:00etan, beste bilera bat egingo dute akordioa bilatzeko.

Negoziazioa

Iker Bergaretxe Aldundiko Garraio zuzendariak astelehenean deitu zituen bilerara sindikatuak. Biharamunean, kritiko mintzatu zen Itziar Garamendi Garraio diputatua. Haren esanetan, egin dizkieten "proposamen guztiak baztertu dituzte", baina, halere, "guztiekin hitz egiteko prest" agertu zen beste behin Aldundia.

Gatazka konpontzea Aldundiari dagokiola uste dute sindikatuek. Iñaki San Andres ELAko bozeramailearen arabera, auziak ez du konponbiderik izango Aldundiak lanpostuak ez amortizatzeko "benetako" konpromisoa agertzen ez badu.

San Andresen hitzetan, "dena Aldundiaren esku dago". Hala, honakoa eskatu dute sindikatuek: "Bete dezala iaz hitzartu genuena eta ez ditzala lanpostuak amortizatu, hori egiten saiatu baita mobilizazio hau hasi zenetik".

Garraio-enpresen jarrera ere hizpide hartu du ELAko ordezkariak: "Bizkaibus kudeatzen ari diren enpresek iazko akordioa sinatzeko prest daudela esan digute, baina ikusteko dago, eurek bete behar dutelako sinatutakoa".

24 orduko bi lanuzte daude deituta, ostegunerako eta ostiralerako, eta greba mugagabea, astelehenetik aurrera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Grebak albisteak Ekonomia 2024 Bizkaibus berriak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Sindikatuen azken ordukoa Lan gatazkak gaur Bizkaiko Foru Aldundia