Ekonomia -

Bizkaibus

Istiluak izan dira Bizkaiko hainbat puntutan, grebaren hasieran

Batetik, gutxieneko zerbitzuak bete behar zituzten ibilgailu batzuek arazoak izan dituzte garajetik ateratzeko eta, bestetik, autobus biri beirak apurtu dizkiete harrikadaz.

Gutxieneko zerbitzuak % 30koak izango dira greban zehar. EFE.
Gutxieneko zerbitzuak % 30koak izango dira greban zehar. EFE.
Gutxieneko zerbitzuak % 30koak izango dira greban zehar. EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko hainbat puntutan arazoak izan dira Bizkaibuseko langileek deitutako greba orokorraren lehenengo goizean. Batetik, gutxieneko zerbitzuak egin behar zituzten ibilgailu batzuek arazoak izan dituzte garajetik ateratzeko eta, bestetik, autobus biri beirak apurtu dizkiete harrikadaz.

Bizkaiko Foru Aldundiko iturriek azaldu dutenez, piketeek Berriatua eta Lemoan autobusen irteerak itxi egin dituzte, ontziak lotzeko erabiltzen den katea erabilita. Zornotzan ere "arazoak" izan direla adierazi dute Aldunditik.

Lemoan, ibilgailu biri beirak apurtu dizkiete, harrikadaz. Lekeition, berriz, gutxieneko zerbitzua bete behar zuen autobus baten gurpilak airez hustu dituzte eta ezin izan da garajetik atera. Zornotzan ere, gurpil bateko balbula apurtu dute eta Bilbon, autobus baten atzerako ispiluak margotu egin dituzte, Bailen kaleko geltokian.

ELA, LAB, CCOO, UGT eta USO sindikatuek deitu dute protesta, eta Bizkaibusen lan egiten duten langile guztiak daude grebara deituta; hala nola, TCSA, Encartaciones, Compañia de Autobuses Vascongados (CAVSA), Pesa Bizkaia, eta autobuses de Lujua y Autocares discrecionales del Norte (ADNOR) enpresetakoak. Grebak Bizkaiko eskualde hauetan izango du eragina: Enkartazioak, Ezkerraldea, Meatzaldea, Txorierri-Mungialdea, Nerbioi, Arratia-Durangaldea eta Busturialdea-Lea-Artibai.

Greba mugagabea hasi aurretik, langileek bi orduko lanuztea egin zuten irailaren 2an, eta ondoren egun osoko bederatzi greba egun ere egin dituzte. Astelehenetik aurrera greba mugagabeari ekingo diote, eta lehen egunean manifestazioa egingo dute Bilbon.

Mobilizazio hauekin, sindikatuek urriaren 4an Bizkaiko Foru Aldundiarekin lorturiko akordioa betetzea eskatzen dute, enpleguari eta lan-baldintzei eusteko.

Lan-baldintzei dagokienez, zerbitzua eskaintzen duten enpresak sindikatuen planteamendu hori onartzeko prest agertu dira, baina sindikatuek grebari eustea erabaki dute "Diputazioak akordioa betetzen dela bermatu behar duelako". Bizkaiko Foru Aldundiaren esanetan, baina, akordioa betetzeko lanean ari dira.

Sindikatuek salatu dutenez, Bizkaibuseko autobus-lineen berrantolaketaren eraginez, 300 lanpostu galduko dira, eta lanpostuei eutsiko zaiela bermatzeko eskatu diote Diputazioari.

ELAk Diputazioa egin du grebaren erantzule

ELA sindikatuaren iritziz, Diputazioa da Bizkaibuseko langileek greba mugagabea hastearen "erantzule bakarra", "iaz lorturiko akordioa ez du bete, eta orain ez du irtenbiderik eskaini".

Sindikatuak hitz egiteko eta akordioa lortzeko prest daude, ELAren arabera. Salatu dutenez, Diputazioak asteburu guztian ez die deitu, eta "horrek gatazka konpontzeko duen borondate falta agerian uzten du". "Eskuko telefonoak piztuta daude", gaineratu du.

Sindikatuen eta Diputazioaren arteko azken bilera akordiorik gabe amaitu zen. "Beraien hitzaz fidatzeko eskatu ziguten, 2016ko martxoan enpleguak berreskuratuko direla, alegia. Ezin digute konfiantza eskatu akordioa betetzen ez badute", nabarmendu dute.

Diputazioak datorren ostiralean bilera batera deitu ditu sindikatuak. ELAren iritziz, sindikatuei eta hiritarrei barre egiten die Diputazioak, izan ere, ostiralera arte bost egunez greba egingo dute "Diputazioak astelehenean bilera egin nahi ez duelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Zornotza Grebak albisteak Bizkaibus berriak Lemoa Sindikatuen albistea Lan gatazkak albisteak gaur Garraio komuna gaur Lea-Artibai eskualdea