Politika -
Eusko Legebiltzarra
EAJk, EH Bilduk eta PSEk planto egin diote Marotoren eztabaidari
Aipaturiko hiru alderdiek uko egin diote Javier Maroto legebiltzarkide popularrak diru-sarrerak bermatzeko errentari buruz bultzatutako eztabaidan parte hartzeari.
Erredakzioa
EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdiek planto egin diote gaur Eusko Legebiltzarrean Euskadiko Alderdi Popularrari (PP), eta Javier Maroto legebiltzarkide popularrak diru-sarrerak bermatzeko errentari buruz bultzatutako eztabaidan parte hartzeari uko egin diote.
Hala, Javier Maroto Gasteizko alkate eta PPko legebiltzarkideak eta Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideek soilik parte hartu dute gaurko eztabaidan.
Marotok azaldu duenez, PPk gizarte babeserako egungo sistema babesten du, baina gainerako alderdiei "begietan benda" izatea eta "iruzur eta abusu" kasuak izatea ukatzea egotzi die. Hori dela eta, egungo legedian "aldaketa sakona" bultzatzeko beharra azpimarratu du, laguntzak "benetan behar dituzten horiengana" irits daitezen.
Gasteizko alkateak gizarte laguntzak defendatu ditu, baina abusuen kontra dagoela azpimarratu du "abusuak egiten dituena edonor izanda ere, baita zortzi abizen euskaldunak dituena bada ere". Halaber, "lan egitera eta integratzera datozen" atzerritarrei bere babes osoa eskaini die.
Azkenik, laguntza sozialen arloan Eskandinaviako herrialdeetan duten eredua hizpide izan du. Bertan, legezko bizilekua eta ohikoa izatea eskatzen zaie diru-laguntza horiek jaso dituztenei, eta PPk egin nahi dituen aldaketen "laburpen" izan daitekeela azpimarratu du.
Eztabaidaren erdian, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak Igor Lopez de Munain EH Bilduko legebiltzarkidea kanporatu du Gasteizko alkateari "lotsagabe" deitzeagatik eta esandakoa erretiratzeari uko egiteagatik.
Legebiltzarreko saioaren ondotik, elkarrekin agerraldia egin dute Amaia Arregi EAJko, Eva Blanco EH Bilduko eta Bixen Itxaso PSE-EEko legebiltzarkideek. "Trukatu, faltsu, xenofobo eta solidario ez" den eztabaidan ez parte hartzea erabaki dutela adierazi dute PPren jarreraren "guztiz kontrakoa" dutela nabarmentzeko. "Nahikoa da esateko eta PPren kanpaina bidegabe, arduragabe eta ez solidario horren aurrean planto egiteko garaia iritsi da", gaineratu dute.
Egungo sistema ez dela perfektua eta iruzurrak saihesteko hobekuntzak egin behar direla onartu ostean, kolektibo oso bat estigmatizatzea ez dutela onartuko azpimarratu dute, "bidegabekeria eta arduragabekeria" litzatekeelako. Halaber, PPk egiten diren beste hainbat iruzurren berri izanagatik ere, horiek ez dituela salatzen gaineratu dute, iruzur fiskala kasu.