Ekonomia -
Nafarroako Aurrekontuak
UPNren Gobernuak ez du lortu Aurrekontuak onartzea, hirugarren urtez
Parlamentuak atzera bota du Yolanda Barcinaren Exekutiboaren aurrekontu proiektua, eta iazkoak luzatu beharko dituzte, hirugarren urtez.
Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuak errefusatu egin du Yolanda Barcina presidentearen Gobernuak 2015. urterako diseinatutako Aurrekontu proiektua, eta, horrenbestez, UPNren Exekutiboak iazkoak luzatu beharko ditu hirugarren urtez jarraian.
Hain zuzen ere, Bilduk eta Aralarrek aurkeztutako osoko zuzenketa onartu du Ganberak, eta, ondorioz, atzera bota du Foru Gobernuaren proiektua.
PSNk, I-Ek eta Geroa Baik ere aurkeztu zituzten osoko zuzenketak, baina horiek ez dituzte bozkatu, Parlamentuak Bilduk eta Aralarrek aurkeztutakoa onartu baitu. UPNk eta PPk baino ez dute bozkatu horren aurka.
Nafarroako Gobernuaren proiektua Lourdes Goicoechea presidenteordeak defendatu du eztabaidan. Horren esanetan, Ogasunaren diru-bilketa "murriztu" egin da, eta, gainera, defizit helburua bete egin behar izan dute. Horregatik, "gastua diru-bilketara egokitu behar izan dugu, zentzukoa denez".
Dena dela, Goicoecheak aitortu egin du Parlamentuak atzera botako zituela Aurrekontuak. "Aurreko urteetan hala izan da, eta ez dut uste gaur, ia-ia hauteskunde kanpainan egonda, ezberdin izango denik".
Juan Carlos Longas Aralarreko parlamentariaren hitzetan, UPNk aurrekontuen alorrean egindako kudeaketa "penagarria" izan da 2012. urtetik, eta aurrekontu "bakar bat ere ez" onartu gabe bukatuko du legegintzaldia.
Maiorga Ramirezek (Bildu) ukatu egin du oposizioak "Nafarroari kalte egin nahi izatea", eta UPNk "urtero" "eskaintza berbera" aurkeztu izana deitoratu du. "Gizarte nafarrak ez du murrizketarik nahi", aldarrikatu du.
Carlos Garcia Adanerok (UPN) gogorarazi duenez, diru-bilketa aurreikuspenak ez ditu kontseilariak egiten, baizik eta Ogasun teknikariek. Gainera, Gobernuaren Aurrekontu proiektua "errealista" dela adierazi du.