Ekonomia -
Europar Batasuna
Hogeita zortziak 2015erako arrantza kuotak negoziatzen hasiko dira
Tejerina ministroak iparreko legatzaren kuota % 26 igotzea (Europako Batzordeak eskatzen duenaren aurrean) eta Kantauri itsasoko oilarrari dagokiona gehiegi ez murriztea eskatuko du.
Erredakzioa
Europar Batasuna (EB) osatzen duten herrialdeek 2015erako arrantza kuotak negoziatzeari ekingo diote gaur, astelehena, eta Espainiako Estatuak iparreko legatzaren eta Cadizko golkoko bokartaren kuotak handitzea eskatuko du.
EBko arrantza ministroak Europako arrantzaren mugak ezartzen saiatuko dira gaur eta bihar, Atlantikoko hainbat espezieri dagokienez.
Bileran Isabel Garcia Tejerina Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen ministro espainiarra izango da.
Espainiarentzat, eskari nagusietako bat iparreko legatzaren kuota % 26 handitzea da (Sole Handia itsasgune edo arrantza-gunean eta Iberiar penintsulako uretan), baina Europar Batzordeak % 4 murriztea proposatu du.
Itsas oilarraren eta apoaren kasuan -EBko uretan, ez espainiarretan- kuota % 10 igotzea eskatuko du Espainiak, EBk zapoaren kuota % 11 eta oilarrarena % 20 murriztea proposatu badu ere. Halaber, 2013. urterako zehaztu zitzaizkien kuotak oraindik ez dituztela agortu gogoraraziko die EBk zenbait herrialderi.
Gainera, Europak proposatutako murrizketak leuntzea ere eskatuko du Espainiak, zenbait espezieren kasuan; esate baterako, Kantauri itsasoan eta Cadizko golkoan oilarraren kuota % 55 murriztea eskatu du Bruselak, eta Madrilek % 20-40 murriztea eskatuko du.
Espainiako ordezkaritzak “datu sozioekonomikoak” aurkeztuko ditu eskaria arrazoitzeko, eta murrizketa oso handia bada zenbait ontziren biziraupena kinka larrian izango dela azalduko du.
Horiekin batera, Espainiak Kantauri itsasoko txitxarroaren kuota gehiegi ez murriztea eskatuko du bileran, eta Europak % 27 murriztea proposatu badu ere, murrizketa % 20 ingurukoa izatea eskatuko du Espainiak.