Ekonomia -
Eusko Legebiltzarra
2015eko EAEko aurrekontuak onartu dituzte, EAJren eta PSEren botoekin
Alderdi Popularrak, EH Bilduk eta UPyDk Jaurlaritzaren egitasmoaren kontra bozkatu dute.
EITB.EUS
2015erako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuak onartu ditu gaur Eusko Legebiltzarrak, EAJren legebiltzarkideen eta PSE-EEren sei parlamentariren aldeko botoekin (gainerako legebiltzarkide sozialistek zuri bozkatu dute). Hala, 10.638.959 euro izango ditu datorren urtean Jaurlaritzak bere jarduna bermatzeko.
PSE-EEren sei legebiltzarkideren aldeko botoak ezinbestekoak izan dira proiektua aurrera atera ahal izateko, PPk aurkako botoa eman baitu. Izatez, EAJren eta PSE-EEren arteko akordioaren arabera, sozialistak abstenitu egin behar ziren gaurko bozketan.
Alderdi Popularrak ez ezik, EH Bilduk eta UPyDk ere bozkatu dute aurrekontuen kontra.
Hori horrela, EAJren 27 legebiltzarkideren eta PSE-EEko 6ren aldeko botoekin, 33 botorekin, onartu dute 2015eko aurrekontuen proiektua. Kontra bozkatu dute EH Bilduko 21 kideek, PPko 10ek eta UPyDko legebiltzarkideak; denera, 32. Hamar legebiltzarkide sozialista abstenitu egin dira.
Aurrekontuak, "gako"
Egitasmoa onetsita, Jaurlaritzak 10.639 milioi euroko aurrekontua izango du 2015ean, aurreko urtean baino % 4,1 gehiago. Dirutzaren % 75 gizarte gastura bideratuko dute: hezkuntza, hezkuntza eta gizarte politika.
Diru-sarrerak bermatzeko laguntzerako eta Etxebizitzaren Prestazio Osagarrirako 461 milioi euro gorde dituzte, iaz baino % 19,9 gehiago.
Bozketa egin ostean hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, pozik agertu da Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburua. Agertu duenez, aurrekontuak "gako" dira eta Eusko Jaurlaritzaren "politikak garatzen jarraitzeko modua" ematen dute. Haren esanetan, bi dira 215eko aurrekontuen oinarriak: ekonomia bultzatzea, enplegua sortzea eta lehiakortasuna, batetik; eta, gizarte babeserako euskal sistemari eustea, bestetik.
Legebiltzarreko eztabaidan, Josune Gorospe EAJren legebiltzarkideak UPyD, PP eta EH Bildu kritikatu ditu. Lehenengoari jarrera "espainolista eta zentralizatzailea" izatea egotzi dio. Aurrekontuak babestearen truke, popularrek beste erakunde batzuetan "esku-hartzea" eskatzen zutela salatu du, bestalde. EH Bilduri buruz, berriz, "aurkari politikoarekin harremanak edukitzeko arazoak" dituela esan du Gorospek.
Jose Antonio Pastorrek (PSE-EE) aurrekontuei emandako "babes bidezko eta nahikoa" defendatu du eta herriarekiko duten "ardura eta konpromisoagatik" babestu dituztela argudiatu du. Hain justu, gizarte gaietara 185 milioi euro gehiago bideratzearen lorpena txalotu du buruzagi sozialistak.
Oskar Matute (EH Bildu), aldiz, oso kritiko agertu da onartutako proiektuarekin. Haren iritzian, egitasmoak ez du ezer berririk ekartzen, murrizketez beteta dago eta milaka lagun bazterkeria utzi ditu.
Ildo beretik mintzatu da Anton Damborenea PPko eleduna ere. Aurrekontuek "ezereza" dakartela agertu eta diru-partida gehiena gasturako izatea gaitzetsi du.
Azkenik, aurrekontuek murrizketa sozialen eta doikuntzen politika bermatzen dutela salatu du Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak. "Bikoiztasunez eta identitate-gastuez josita daude", erantsi du.
EAJ-PSEren arteko akordioa
Aurrekontuei bide emateko ituna izenpetu zuten bi alderdiek azaroan. Gizarte gaietara 150 miloi gehiago bideratzea ebatzi zuen EAJk sozialistek aurkeztutako zuzenketa partzialak onartuta eta, gero, gizarte laguntzetara beste 35 milioi euro gehiago bideratzeko egindako eskaerari men eginda.
Aurten ez bezala, PSErekin eta PPrekin adostuta onartu zituen Jaurlaritzak 2014ko aurrekontuak, eta bi alderdi horiek abstenitu egin ziren bozketan.