Ekonomia -
Lan-gatazka
Astelehenera arte negoziatzen jarraituko dute Candyn
Bergarako lantegiko beharginak eta zuzendaritza goizaldera arte bilduta egon dira lan erregulazio txostena negoziatzen.
EITB.EUS
Candy Hooverren zuzendaritzak Bergarako (Gipuzkoa) lantegiaren lan erregulazio txostenaren negoziazioa astelehenera arte luzatzea onartu du, langileen eta enpresako jabeek egindako bilera luzearen ostean.
Goizaldera arte bilduta egon dira bi aldeak, 150 kaleratzeen kalte-ordainak negoziatzeko asmoz. Izan ere, abenduaren 12an akordio batera heltzeko 10 eguneko epea eman zuen Candyk, Bergarako garbigailuen ekoizpena bertan behera uzteko erabakia sendoa zela agertu bazuen ere.
Astelehenean, beraz, beste bilera bat egingo dute, eta bertan erabakitakoaren arabera, auzitara jo ala ez erabakiko dute langileek. Bi gako nagusiren inguruan ari dira eztabaidan: batetik, langilerik edadetuenentzako kalte-ordaina eta, bestetik, gazteenentzako proiektua.
"Egiturazko galerak" zituela argudiatuta, urrian jakinarazi zuen Italiako multinazionalak goitik kargatzeko arropa-garbigailuak egiten dituzten Bergarako lantegia itxi eta 150 behargin kaleratzeko asmoa.
Gipuzkoako Aldundia bitartekari lanetan ibili da egunotan eta berrindustrializazio egitasmo bat osatzearen alde egin du, fabrika horren itxieraren eragina arintzeko.