Ekonomia -

2015eko prezioak

2015ean prezioak izoztuko dira, lehen aldiz krisia hasi zenetik

Batez ere erregaien beherakadak eragin du prezioen jaitsiera. Horrek ere herritarrei atsedena emango die, zerbitzu publikoen prezioak izoztu egingo baitituzte 2015. urtean

Gasolindegia
Gasolindegia
Prezioak izoztu edo jaitsi egingo dira 2015ean

1:22

I.G. / EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontsumorako Prezioen Indizeak balore negatiboetan itxi du urtea, sei hilabetez behera egin baitu (uztailetik azarora). Abenduko datua ikusita, urtea % 1,1eko datu negatiboarekin amaituko da. Iaz, berriz, KPIk % 1,4ko igoerarekin amaitu zuen urtea.

Erregaien beherakada da prezioen jaitsiera eragingo duen arrazoi nagusia. Horrek ere herritarrei atsedena emango die, zerbitzu publikoen prezioak izoztu egingo baitituzte 2015ean. Krisia hasi zenetik, 2007tik, prezioek gora egin dute urtero.

ARGINDARRA ETA GASA

Argindarraren fakturaren ordainsariak izoztu egin ditu Rajoyren Gobernuak. Hortaz, erabiltzaileek beherakadak izan dituzte euren fakturetan urte hasieran (adituen ustez, % 4 murriztuko dira argindarraren fakturak 2015eko lehen seihilekoan). Urtea ere beherakadekin amaituko du argindarrak (% 4,9).

Gasari dagokionez, urte hasieran % 3 jaitsiko dira fakturak, petrolioaren beherakadaren eraginez. Industriak ez ditu gas naturalaren ordainsariak igoko, eta horrek ere eragina izango du erabiltzaileengan.

Butano-botilaren prezioa ere egonkor mantenduko da, 17,5 eurotan, martxora bitartean. Udaberritik aurrera, baliteke prezioek behera egitea.

ERREGAIAK

Europar Batzordearen kalkuluen arabera, azken hamabi hilabeteetan erregaiek % 15 behera egin dute. Hau da, 50 litroko erregai-tanga bat betetzea iaz baino 10 euro merkeagoa da orain.

Erregaien zerba bereziak ez dituztela ukituko iragarri du dagoeneko Espainiako Gobernuak.

UDAL TASA

Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Udal guztiek tasak eta prezioak izoztea erabaki dute.

Osoko bilkuretan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, zerbitzu publikoen prezioak ez igotzea erabaki zuten zinegotziek. Hortaz, garraio publikoa, uraren prezioa edota zaborren tasak, besteak beste, bere horretan geratuko dira 2015ean.

Bilboko Metroak ere txartelak izoztea erabaki du. Bilbobusen ere ez dituzte prezioak igoko, eta hileroko tarifa berria abian jarriko dute, Gazte Bilbao, alegia.

Donostian, Ekonomia-Jardueren gaineko zerga % 1 igotzea erabaki du Donostiako Udalak. Gasteizen, berriz, zerba hori % 41 igoko dute.

AUTOBIDEETAKO BIDESARIAK

Estatuko Administrazioak ez ditu autopistetako bidesariak igoko. Azken bost urteetan aurrenekoz hartu du erabaki hori Gobernuak.

Bizkaiak, Arabak eta Nafarroak ere bidesarietako prezioak ez igotzea erabaki dute, baina Gipuzkoan % 3,5 igoko dira. Foru Aldundiak esan du Bidegik dituen “arazoengatik” igoko dituela prezioak. AP-8 eta AP-1 errepideetako bidesariei eragingo die aipatu igoerak.

RENFE

Renfek bai, txartelen prezioak igoko ditu datorren urtean. % 1,85 garestiago izango da Renfen bidaiatzea urtarriletik aurrera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa gaur EAE KPI albisteak Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Kontsumitzaileen eskubideak Erregaiak Elektrizitatea azken ordukoa Gas naturalari buruzko albisteak