Ekonomia -

18 hilabeteko inhabilitazioa

Angel Toñari administratzaile izateko inhabilitazioa ezarri zioten

'Gara'ren arabera, Gizarte Segurantzari eta langileei zor zitzaiena ordaintzeko agindu zioten epaileek Toñari, eta ebazpena ez betetzeagatik zigortu du azkenean Bizkaiko Auzitegiak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu berriari konkurtso-administratzaile izateko 18 hilabeteko inhabilitazioa ezarri zion iragan astean Bizkaiko Auzitegiak, Gara egunkariak gaur argitaratu duenez.

Egunkari horren esanetan, otsailaren 4an eman zuen epaia Auzitegiak. Fundifes, Otsaila 21 eta Bator Gestion 2004 enpresen konkurtso administrazioko kidea zen orduan Toña.

Horren arabera, Toña (Jose Maria Aburtoren ordezkoa, atzotik) zigortu egin zuten, likidazioan zehar ordainketen ordena aldatu eta enpresa horiek Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekin eta gutxienez bost langilerekin zuten zorra atzeratzeagatik.

Iragan astean kaleratutako epaiaren aurrean, administratzaileek ordainketak berrantolatu beharko dituzte, eta baita horietako batzuk itzultzeko eskatu ere, Gizarte Segurantzaren Diruzaintzaren eta epaiketan pertsonatu diren bost langileen eskariei erantzuteko. 3,25 milioi euro zor omen dizkiote lehenengoari, eta 50.000 euro, beste horiei.

Horrez gainera, 18 hilabeteko inabilitazioa ezarri die horiei konkurtso-administratzaile izateko.

Zigor horrekin ados egon ezean, Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko aukera dute oraindik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea