Politika -
Kargu-hartze ekitaldia
Laguntzak hobeto kudeatzeko konpromisoa hartu du Angel Toñak
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu berria gizarte politiketan aurrera egiten eta Elkarrizketa Sozialerako Mahaian akordioa bilatzen saiatuko da.
Erredakzioa
Angel Toña Guenaga Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu berriak, diru-sarrerak bermatzeko laguntzak hobeto kudeatzeko asmoz, Lanbide berrantolatzeko eta Elkarrizketa Sozialerako Mahaian akordioa bilatzeko konpromisoa agertu du bere karguaz jabetzeko ekitaldian.
Toñak Juan Maria Aburtoren lekua hartu du, azken honek maiatzeko udal hauteskundeetan Bilboko EAJren hautagai lanetan buru-belarri aritzeko utzi baitu kargua.
Jaurlaritzako sailburu berriak Ajuria Eneko jauregian egin du karguaren zina, Iñigo Urkullu lehendakariaren aurrean. Ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako gainerako sailburuak, Barkartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Legebiltzarreko Mahaiko kideak ere izan dira.
Esker oneko hitzak Aburtorentzat
Juan Maria Aburto orain arte Enplegu sailburu izandakoa ere izan da ekitaldian, hunkituta. Hain justu, esker oneko hitzak izan ditu berarentzat Iñigo Urkullu lehendakariak. "Egindako lanean erakutsitako dedikazio eta jarrera sendoa" txalotu ditu eta "urte zail eta bizi hauetan dena eman" duela nabarmendu du.
Horren ildoan, gizarte zerbitzuen alorrean, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian edota Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko lege-proiektuan lortutako "akordio garrantzitsuak" aipatu ditu lehendakariak.
Sailburu berriarentzat ere hitz politak izan ditu Urkulluk. Hala, kargua hartzeko orduan erakutsitako konpromisoa, gogoa, borondatea, ilusioa eta balioak goraipatu ditu, eta Toñarekin Euskadik aurrera egiteko kohesio soziala bermatu eta lan aukera berriak sustatzen jarraituko duela nabarmendu du.
Toñaren 'erronkak'
Ajuria Eneko eskaileretan ohiko familia-argazkia egin ostean, galdera gabeko hitzaldia eskaini du Toñak, euskaraz eta gaztelaniaz. Bere agintaldiaren ardatzak edo erronkak zerrendatu ditu sailburu berriak bertan.
Horren hitzetan, "lehentasuna" emango die gizarte politika, enplegu eta etxebizitza alorrei, beharrizan gehien duten lagunei laguntzeko, eta "ezberdintasunaren arraila handitzea" pairatzen ari diren euskal herritarrei laguntzeko "eginahalak" egingo dituela azpimarratu du.
Sailaren erronkei dagokienez, diru-sarrerak bermatze aldera, Lanbide hobetzea, Etxebizitza Plana garatzea eta Elkarrizketa Sozialaren Mahaian akordioak lortzea aipatu ditu, besteak beste, Angel Toñak. Gizarte politiken inguruko legea garatzen amaitzeko asmoa ere agertu du.