Ekonomia -
Diru-bilketaren datuak
Arabako Foru Aldundiak 9,7 milioi euroko superabita izan du 2014an
Foru erakundeak zenbaki berdetan bukatu du urtea, azken bost urteetan lehen aldiz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arabako Aldundiak 9,7 milioi euroko superabita izan zuen iaz, diru-bilketa % 5,7 hazi baitzen, Javier de Andres ahaldun nagusiak eta Aitor Uribesalgo Ogasun diputatuak jakinarazi dutenez. Foru erakundeak zenbaki berdetan bukatu du urtea, azken bost urteetan lehen aldiz.
Uribesalgoren esanetan, Aldundiak "esfortzua" egin du aurrekontuetan, eta, ondorioz, zorra 84 milioi eurotik 29,1 milioira jaitsi dute 2012tik 2014ra.
Ogasun diputatuaren aurreikuspenen arabera, zorra 16,3 milioi eurokoa izango da aurten, 7,6 milioi eurokoa izango da datorren urtean, eta desagertu egingo da 2017an.
Horren arabera, diru-sarrerak 91 milioi euro jaitsi dira 2010. urtetik, baina, horren aurrean, gastu arruntetan 60,7 milioi euro aurreztea lortu dute.
Hala ere, Uribesalgok nabarmendu duenez, Arabako Foru Aldundiak "eutsi egin dio gastu sozialari", Aurrekontuen % 42 horretara bideratu baitute.