Ekonomia -
EBZ
Lanpostuak sortzeko neurri gehiago eskatu dizkio Draghik Espainiari
Bestalde, eurogunean interes-tasak % 0,05eko gutxieneko historikoan mantentzea erabaki du Europako Banku Zentralak, hazkundea eta inflazioa bultzatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Enplegua sortzeko eta lan-merkatuaren dualtasuna murrizteko neurri gehiago hartzea eskatu dio Mario Draghi Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteak Espainiari.
Zentzu horretan, Espainian enplegu politika aktiboak indartzea oso garrantzitsua izango litzatekeela azaldu du EBZko presidenteak.
Bestalde, eurogunean interes-tasak % 0,05eko gutxieneko historikoan mantentzea erabaki du EBZk, hazkundea eta inflazioa bultzatzeko.
Gazte baten protesta
Draghik prentsaurrekoa eten behar izan du; izan ere, emakume gazte bat buruzagiarengana hurbildu da lasterka, eta paperak eta konfetiak bota dizkio gainean. EBZ istilua ikertzen ari da.
Emakumea kazetarientzako eserlekuetan zegoen eta Europako Banku Zentraleko agintariarengana salto egin du, Draghi erakundearen agiria irakurtzen ari zenean. Draghiren eta EBZren bizkartzainek eta segurtasuneko langileek gaztea atxilotu dute.
Emakumeak ez du Draghi ukitu ere egin, baina ingelesez garrasi egin du: “EBZren diktadurarekin bukatu” ("End the ECB dictatorship"). Gainera, gazteak elastiko bat zeraman eta letra zuriekin zera irakur zitekeen: "End ECB dick tatorship" hitz-jokoa.