Ekonomia -
Eguneko lerroburuak
Osakidetzako greba eta Bruselako goi-bilera, goiburu
Ostegun honi ekin baino lehen ezagutu beharreko bost albisteak.
E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS
Greba Osakidetza
Osakidetzako 35.000 langileak grebara deitu dituzte ostegun eta ostiral honetan. Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak direla eta, jaiegunetako langile kopuru bera izango da bi egunotan ospitaleetan. Dialisi tratamenduetan eta minbiziaren aurkako zerbitzuetan ez da aldaketarik izango. Lehen arretari dagokionez, larunbateko zerbitzua eskainiko dute. Larrialdietan eta Etengabeko Arreta Zentroetan ohikoa da zerbitzua. Greba atzo gauean, 22:00etan, hasi zen eta bihar ordu berean bukatuko da. Medikuarekin duten hitzorduetara normaltasunez joateko deia egin die Osasun Sailak herritarrei, aurreko lanuzteetan "apenas igarri" delako, Darpon sailburuaren esanetan.
Sindikatuek elkarretaratzea egingo dute eguerdian, eta manifestazioa deitu dute biharko, Bilbon.
Immigrazioaren inguruko goi-bilera
Mediterraneoan immigrazioarekin dagoen arazoari berehalako erantzuna ematen saiatuko dira gaur Bruselan, EBko 28 estatu kideetako agintariek duten batzarrean. Bi proposamen nagusi izango dituzte mahai gainean: itsas zaintzaren aurrekontuak berritzea eta etorkinekin trafikatzen duten ontziak suntsitzeko talde bat sortzea. Itsasoan gerta daitezkeen tragediak saihestea da egin beharrekoa, ez mugak gehiago zaintzea, Amnistia Internazionalen arabera.
Administrazio Publikoaren Lege berria egin beharko du Jaurlaritzak
Oposizioko taldeek babes nahikoa eman ez diotela eta, Administrazio Publikoaren Legea bertan behera utzi behar izan du Eusko Jaurlaritzak. Hauteskundeen aurreko giroari egotzi dio Urkulluren gobernuak babes falta. Oposizioaren arabera, ordea, ez da legea eztabaidatzeko benetako elkarrizketarik izan. Herri Administrazio eta Justizia sailburuak maiatzaren 24ko hauteskundeen ondotik ekingo dio testu berria egiteari.
Diputatua zela, eraikuntza enpresa batek ordaindu zion Trillori
Kongresuko diputatua zen artean, 350.000 euro baino gehiago jaso zituen Federico Trillok (PP) eraikuntza enpresa batetik. El Pais egunkariak atzo eman zuen albistea eta ia segituan aitortu du gaur egun Erresuma Batuan Espainiako enbaxadorea denak. Horren esanetan, dirutza jaso zuen, baina Ogasunari ordaindu beharrekoa ordaindu ziola nabarmendu du. Grupo Collosa eraikuntza enpresak 354.000 euro ordaindu zizkion Trilloren aholkularitza enpresari 2006 eta 2008 bitartean. Dena dela, egunkari espainiarrak egindako ikerketaren arabera, Ogasunak ez du kobrantza horiek justifikatzeko txostenik aurkitu. Defentsa ministroa izan zenak ohar batean adierazi duenez, informazioa Zerga Administrazioko Estatu Agentziak eta Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak filtratu dute.
Vicente Martinez Pujalte PPko kideak ere 75.000 euro jaso zituen enpresa horretatik. "Lasai" dagoela nabarmendu du, egindakoa legezkoa delako eta Kongresua jakinaren gainean zegoelako.
Juan Carlos Aguilarren kontrako epaiketa, epaiaren zain
Zinpeko epaimahaiaren erabakiaren zain daude Ada Otuya eta Jenny Rebolloren senideak. Izan ere, atzo izan zen Juan Carlos Aguilar 'shaolin faltsua'ren kontrako epaiketaren azken saioa. Emakumeak jo eta hil egin zituela onartu du Aguilarrek; koska, baina, bietako bat basakeriaz hil ote zuen ebaztea izango da. Astungarri horrekin, 45 urteko kartzela zigorra ezar liezaiokete akusatuari. Ertzaintzaren arabera, Ada Otuya bahituta zuenean Jennyren gorpua zatitzen ibili zen 'shaolin faltsua'.