Ekonomia -
Teknologia
5 milioi euro, industria digitala sustatzera
Jaurlaritzak bideratuko du dirua Basque Industry 4.0, Industria Digitala eta Lankidetza Digitala programetara. Elektronika, komunikazio eta informazio teknologiak zabaltzea da helburua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak 5.180.000 euro bideratu ditu elektronika, informazio eta komunikazio teknologiak ezartzea helburu izango duten hiru programetara. Basque Industry 4.0, Industria Digitala eta Lankidetza Digitala dira egitasmoak, eta laguntzak gehienbat manufaktura-enpresetara eta enpresa txiki eta ertainetara zuzenduko dira.
Apirilaren 21etik daude abian hiru programa horiek, eta diru-laguntzak SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren webean eskatu daitezke.
Estibaliz Hernaez Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordeak aurkeztu ditu programak prentsaren aurrean, eta Aitor Urzelai Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizartearen zuzendaria eta Aitor Cobanera SPRIko Teknologia eta Berrikuntza zuzendaria ere izan dira aurkezpenean.
Hernaezen hitzetan, gaur aurkeztu dituzten egitasmoek eta, Jaurlaritzak babestuta, ikerketa eta garapena bultzatzeko martxan diren programek "argi erakusten dute industria aurreratuaren aldeko apustua" egiten ari direla.
Europako erakundeek, Europa 2020 estrategiaren bidez, espezializazio adimenduna sustatzeko bideak zabaldu dituztela nabarmendu du Hernaezek, eta Jaurlaritza norabide horretan doala. "Herrialde bakoitzak ondoen egiten dakien horretan espezializatu behar du, eta erakundeek hori bultzatu behar dute", gaineratu du.