Ekonomia -
Garraiolariak
Garraio sektorea 'desagertzeko arriskuan' dago, Guitransen hitzetan
Gipuzkoako enpresen % 30 desagertu direla salatu du, Europa Ekialdeko herrialdeetako kamioilariek egindako 'konpetentzia desleiala' dela eta.
Agentziak | Erredakzioa
Guitrans Gipuzkoako Garraiolarien Elkarteak ohartarazi duenez, sektorea "desagertzeko arrisku bizian" dago Errumaniako eta Bulgariako kamioilariek egiten dieten "konpetentzia desleiala" dela eta. Salatu dutenez, 2008tik 3.348 enpresa gutxiago dago, Europa Ekialdeko enpresa horiekin ezin lehiatuta.
Ignacio Cepeda Guitranseko presidenteak prentsaurrekoan azaldu duenez, enpresa horietako langileek oso baldintza eskasetan egiten dute lan eta hemengo langileek ezin dute eurekin lehiatu. Ondorioz, Cepedaren hitzetan, 130.000 lanpostu galdu dira 2008tik Estatuan.
Guitransek urteroko batzarra egingo du larunbatean Donostian Miramar Jauregian eta horren ildotik egin ditu adierazpenak presidenteak.
Gipuzkoako datuei dagokionez, 2008tik garraio enpresen % 30 desagertu (821 enpresa; 43, iaz) eta 4.500 lanpostu galdu dira
Babes neurriak eskatu dituzte
Cepedak azaldu duenez, multinazionalek bertoko garraio enpresak erosten dituzte "oso prezio onean" eta Europa Ekialdeko langileak kontratatzen dituzte, "bertokoak kontratatzea baino 10 aldiz merkeagoa" delako eta "esklaboak" bailitzan lan egitera behartzen dituztelako. Hala, gurean lan egiten duten enpresetako asko Errumaniakoak, Bulgariakoak, Poloniakoak eta Lituaniakoak dira.
Cepedaren hitzetan, egoera honi aurre egiteko babes neurriak hartu dituzte Frantziak, Alemaniak eta Belgikak. Hala, honako baldintzak ezarri dizkiete herrialdean lan egiten duten garraiolari guztiei: gutxieneko soldata ordaintzea, asteko atseden eguna ibilgailuan ez igarotzea edota baldintzok ez betetzearren 30.000 euroko isunak ezartzea.
Konpetentzia desleiala da, Guitransen aburuz, sektorearen arazorik larriena, baina ez bakarra. Finantzazioa ere aipatu du Cepedak: "Enpresa txiki eta ertainek likidezia arazoak dituzte bezeroek berandu ordaintzen dutelako", azaldu du.
Horrez gain, Ogasuna ez da osasun zentimoa itzultzeko konpromisoa betetzen ari, Gipuzkoan, adibidez, bidegabe kobratutako % 15 baino ez dute itzuli.