Ekonomia -
Bigarrena aste honetan
Greba eguna dute gaur ere Radio Euskadin
EiTBko zuzendaritzak aurkeztutako lan erregulazio txostena dela-eta egiten hasi diren kaleratzeen kontra protesta egiten dute.
Agentziak | Erredakzioa
Radio Euskadiko langileek greba eguna dute gaur, aste honetan bigarrenez. 24 orduko lanuztea da, EiTBko zuzendaritzak aurkeztutako lan erregulazio txostena dela-eta egiten hasi diren kaleratzeen kontra protesta egiteko.
Atzo bertan jaso zituzten hainbat teknikarik eta kazetarik kaleratze gutuna eta, hala, ez dira lanera itzuliko astelehenean, langileen iturriek EFE agentziari emandako informazioaren arabera.
Kaleratzeen lehen txanda honetan 29 langile kaleratuko dituzte (''mugagabe ez finkoak'' ziren 79 langileen artean), 30 lanpostu betetzeko deitutako lan eskaintza publikoan plaza lortu ez zutenak.
Kaleratzeen kontra protesta egiteko, ESK sindikatuak bi greba egun deitu zituen aste honetarako: maiatzaren 25erako (udal eta foru hauteskundeen biharamunean), eta gaurko (Errege Kopako finalaren biharamunean).
Greba deialdiekin bat egin du langileen gehiengoak eta, ondorioz, ez dago igandeko ohiko programaziorik Radio Euskadin, zenbait informazio tarte salbu.