Ekonomia -

EGUNEKO ALBISTEAK

EAJ-PSE negoziazioak edota Blatteren dimisioa, izenburutan

Asteazkeneko izenburu nagusiak, horra.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJ eta PSE, egonkortasun instituzionalerako akordioen alde

Udal eta foru erakundeetan akordio instituzionalen negoziazioa abiatzea adostu dute EAJk eta PSE-EEk astearte honetan. Bi alderdiak egonkortasun instituzionalaren alde azaldu dira, eta ''egonkortasun formula'' hori Legebiltzarrera zabaltzeko nahia ere agertu dute jeltzaleek.

Hala ere, PSE-EEk jeltzaleei helarazi die bi alderdiek lor ditzaketen akordioak udal eta aldundietara mugatu behar direla, Legebiltzarrera zabaldu gabe, Europa Pressek aipatzen dituen iturri sozialisten arabera.

Joseba Egibar EAJko GBBko presidenteak adierazi du jeltzaleak prest direla sozialistekin koalizio gobernuak osatzeko euskal erakundeetan; horrez gain, ''egonkortasunaren formula'' Legebiltzarrera ere zabaltzeko asmoa agertu du.

Araiz: 'Uxue Barkos Nafarroako presidentea izango da'

Geroa Baik eta EH Bilduk baieztatu egin dute Nafarroan aldaketa egiteko prest daudela. Bi alderdiek bilera izan zuten atzo Nafarroako etorkizuneko gobernua osatzeko bidean. Uxue Barkos Geroa Baiko presidentegaiak joan den astean hasitako bilera-errondaren baitan elkartu dira, eta bi taldeak gustura atera dira bileratik, akordiorako oinarriak egon badaudela iritzita.

Adolfo Araiz EH Bilduko Nafarroako presidentegaiak adierazi du Uxue Barkos Nafarroako presidente ikusten duela, eta nabarmendu du "akordio programatikoak du lehentasuna".

Uxue Barkos Geroa Baiko presidentegaia ere gustura atera da bileratik, akordiorako bidea eraikitzen hasi direlako. "Eraikinaren oinarriak akordio programatikoan egongo dira. Bilera lasaia izan da. Akordiorako bidea finkatzen ari gara", esan du.

2.880 ikaslek selektibitatea hasiko dute gaur Nafarroan

Orotara 2.880 ikaslek Nafarroako Unibertsitate Publikoan sartzeko probak hasiko dituzte gaur. Azterketak Iruñeko eta Tuterako campusetan egingo dituzte, eta ostirala arte iraungo dute.

Hori horrela, iaz baino 162 ikasle gehiagok egingo dute aurten selektibitatea. 2.880 horietatik, 1.668 (% 57,91) emakumezkoak izango dira, eta beste 1.212ak (% 42,18), aldiz, gizonezkoak. 2.114k gaztelaniaz egingo dute, eta gainerako 766k, euskaraz.

Selektibitatearen bigarren deialdia ekainaren 24tik 26ra egingo dute, lehenengoa gainditzen ez dutenentzat edo nota igo nahi dutenentzat.

6.000 langabe gutxiago EAEn, eta 1.700 gutxiago Nafarroan

Orotara 5.934 pertsona gutxiago izan dira lan gabe maiatzean Euskadin, eta, ondorioz, langabezia tasa % 3,54 jaitsi da, aurreko hilabeteko datuekin alderatuta, Espainiako Gobernuko Enplegu Ministerioak jakinarazi duenez. Guztira, 161.507 pertsona daude lan barik EAEn.

Oro har sektore guztietan jaitsi da langabezia, baina bereziki zerbitzuen arloan. Horretan, 4.138 pertsona gutxiago daude lan gabe.

Nafarroan % 3,65 murriztu da langabezia tasa, apirilean baino 1.694 pertsona gutxiago baitaude lan gabe. Orotara, 44.676 nafar daude lan egin barik.

Blatterrek dimisioa aurkeztu du

blatter fifa efeJoseph Blatter FIFAko presidenteak dimisioa aurkeztu du. Duela lau egun berrautatu zuten, baina erabakia FIFAko zuzendaritzako kide gehienen ustelkeria kasuen ondorioa da. Zazpi lagun atxilotu zituzten.

Blatterrek, gainera, presidente berria aukeratzeko ez ohiko batzarra deitu du. Ordura arte (oraingoz datarik ez dago) karguan jarraituko duela aitortu du.FIFA "estimatu eta maite" duela azpimarratu du eta erakundearentzat onena baino ez duela nahi gogoratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gaur