Ekonomia -
Ordutegien askatasuna
Turismo zonekin saltoki handien alde egiten dela dio Euskaldendakek
Uztailaren 1ean sartuko da indarrean turismo handiko guneetan dauden saltokien ordutegi askatasuna Bilbon eta Donostian.
Agentziak | Erredakzioa
Uztailaren 1etik aurrera, ordutegi askatasuna izango dute Turismo Handiko Guneetan kokatutako saltokiek Bilbon eta Donostian.
Euskaldendak elkartea horren kontra azaldu da, bereziki Bilboren kasuan. Izan ere, Euskadiko merkatarien, ostalarien eta zerbitzu enpresen elkarteen konfederazioak salatu duenez, Bilboko Udala ''Madrildik datorren legeaz baliatzen da'', eta ''enpresa handiei eta saltoki handiei egiten die mesede'', Turismo Handiko Guneetako ordutegi askatasunarekin.
4.300 bazkide dituen konfederazioaren urteko biltzarra dela-eta, astelehen honetan agerraldia egin dute Bitor Lizarribar Euskaldendakeko presidenteak, Amador Viteri Dendartean elkarteko presidenteak eta Jose Andres Cebrecos Bizkaidendak elkarteko presidenteak.
Uztailaren 1ean indarrean sartuko den ordutegi askatasunaren inguruan galdetuta, Cebrerosek esan du ''zain'' daudela. Lizarribarrek azaldu duenez, 150 metro karratu baino gutxiagoko saltokiek jada badute urteko 365 egunetan irekitzeko aukera, eta, ''orain arte egin izan ez badute'', aurrerantzean jarrera ''berdina'' izango dela uste du.
Edonola ere, Viterik argitu du Turismo Handiko Guneen ekimena martxan jartzea ''behin behinekoa'' dela.
Egoera ezberdina Bilbon eta Donostian
Euskaldendak konfederazioak salatu duenez, ''Turismo Handiko Guneen ezarpen doilarraren urtea'' izan da 2015a Bilbon. Halaber, adierazi du horrekin Bilboko Udalak ordutegiak askatu nahi izan dituela, ''saltoki handien mesedetan''.
Euskaldendaken arabera, Bilbon 3 gune izendatzea espekulazioari ateak zabaltzeko ahalegina omen da. Euskaldendakeko presidenteak azpimarratu duenez, auzitegietara eraman dute Bilboko azken aldaketa, ''legez kontrakoa'' dela iritzita.
Donostiaren kasuan, bestalde, Viterik adierazi du Gipuzkoako hiriburuak legea bete duela, eta horrek ez duela ''kalterik'' eragingo. Izan ere, Donostian ez bezala, Bizkaiko hiriburuan ''erdigune guztia hartu'' dute, Lizarribarreren arabera.