Ekonomia -

Barakaldon

Arcelorreko langilearen heriotzagatik protesta egin dute

Kolektibo sozialek eta sindikalek elkarretaratzea deitu dute Barakaldon, xede izanik enpresen "azpikontratatzea eta prekarietatea" salatzea.

Elkarretaratzea Arcelor Mittal enpresan. Argazkia: EiTB
Elkarretaratzea Arcelor Mittal enpresan. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolektibo sozialek eta sindikalek elkarretaratzea egin dute astelehen honetan Barakaldon, 'Lan-istripu gehiagorik ez. Lan-prekarietateak hiltzen du' lelopean, ostiral honetan Arcelor Mittal enpresaren langilearen heriotza salatzeko asmoz, Berri-Otxoak plataformak jakinarazi duenez.

Protesta-ekintza 19:30ean izan da, Bide Onera plazan, Agustin Ibarrolaren 'Tximiniak' eskultura-lanaren ondoan.

Beri-Otxoa plataformak gogora ekarri duenez, ostiralean izandako lan-istripuan E.V. langilea hil zen, 47 urteko Barakaldako auzokidea, alegia. "Zortzi egunetan Arcelor Mittaleko lantegietan izandako bigarren lan-istripu hilgarria da", salatu du plataformak. Izan ere, ekainaren 25ean 39 urteko langile bat hil zen, lan-istripuz, Arcelor Mittalek Zumarragan duen lantegian.

Gainera, joan den ostegunean, beste istripu larri bat jazo zen Nervaceron: azpikontratatutako Euskoimeko langile batek besoa galdu zuen eta, istripuaren ondorioz, ospitaleratu behar izan zuten. Egun, larri baina egonkor dago.

Elkarretaratzea deitu dutenen arabera, enpresek "azpikontratatzea eta prekarietatea erabiltzen dituzte segurtasun-neurrietan aurrezteko eta irabaziak handitzeko".

"Langabezia, prekarietatea, azpikontratuak, behin-behinekotasuna, ordu estrak, segurtasun- eta prebentzio-falta, lan-eskubideak mugatzen dituzten lan-erreformak… horiek dira, besteak beste, orban sozial horren arrazoi nagusiak", azpimarratu dute.

Halaber, "egoera horiek babesten dituzten legeak sinatu izana" leporatu diete erakundeei, eta horiek arintzeko "ezer egin ez izana" egotzi diete. "Areago, azpikontratatuak eta lan-prekarietatea sustatzen dituzte obra publikoetan", kritikatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Sestao bideoak Barakaldo