Ekonomia -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Rementeriaren esanetan, metroaren 5. lineak 'itxaron egin beharko du'

Bizkaiko ahaldun nagusi berriak zehaztu du ez direla Bilboko metroan inbertsio berriak egingo 3. lineako lanak bukatu bitartean.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia Radio Euskadin. Argazkia: EiTB
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia Radio Euskadin. Argazkia: EiTB
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia Radio Euskadin. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi berriak gaur iragarri duenez, Bilboko metroaren 5. lineak (Galdakaoraino iritsiko dena) eta Bilbo hegoaldeko saihesbidearen bigarren faseko lanek "itxaron egin beharko dute".

Horrela erantzun die ahaldun nagusi berriak atzo 5. linea berriaren lehen harria jartzeko ekitaldia irudikatu zuten Galdakaoko bizilagunei eta udaleko oposizioko kideei. Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Rementeriak zehaztu du ez direla Bilboko metroan inbertsio berriak egingo 3. lineako lanak bukatu arte.

Legegintzaldi honetan "proiektu izarrei" ez ekiteko bere politikaren baitan kokatu da Bilboko metroari eta beste azpiegitura handien gaineko erabaki hori. Rementeriaren hitzetan, datozen lau urteotako "erronkak" susperraldi ekonomikoa egonkortzea, kalitatezko enplegua sortzea eta gizarte baliabideen jasangarritasuna bermatzea izango dira.

Ildo horretan, Guggenheim museo berri bat Urdaibain egiteko proiektua museoko patronatuaren kontua dela esan du, eta geroago erabakiko dutela arduradun publikoek ingurumen eta ekonomia ikuspuntutik "ona den ala ez".

Bizkaian enpresa berriak kokatzeaz edota daudenak bultzatzeko aukeraz galdetuta, Rementeriak adierazi du albiste onak izango direla etorkizunean "zalantzarik gabe", baina ez du bestelako zehaztasunik eman.

Bestalde, Bizkaiko Alderdi Popularrak jarritako salaketa ere hizpide izan du. PPren esanetan, EAJko Bizkaiko zenbait hautetsik zuzendari karguak dituzte Alaiki enpresan, eta azken 15 urteotan 5 milioi euro baino gehiago jaso ditu lizitazio bidez. Horren gainean, Rementeriak esan du ez dituela hauspotuko PPk udaro ateratzen dituen "kulebroiak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euzko Alderdi Jeltzalea Galdakao berriak Bizkaiko albisteak Metro Bilbao gertakaria Unai Rementeria albisteak