Ekonomia -
Ituna banku talde batekin
ULMA Taldeak 314 milioi euroko akordioa lortu du
Akordioak bi zati ditu; batetik, 150 milioi euroko mailegu bat, sei urterako, eta, bestetik, zirkulatzailea finantzatzeko lerro batzuk, 164 milioi euro balio dutenak, bi urterako.
Agentziak | Erredakzioa
ULMA Taldeak 314 milioi euroko akordioa lortu du banku talde batekin datozen urteetarako, indar finantzarioa eskuratuz eta bere Plan Estrategikoari bultzada emanez. Diru sarrera honi esker, inbertsio berriei eta proiektu berriei ekin ahal izango die, eta nazioarteko hedapena sendotu.
Akordioak bi zati ditu; batetik, 150 milioi euroko mailegu bat, sei urterako, eta, bestetik, zirkulatzailea finantzatzeko lerro batzuk, 164 milioi euro balio dutenak, bi urterako. Guztira, 314 milioi euro dira, eta ULMA Taldearen apustu estrategikoa bultzatzeko eta etorkizuneko hedapenerako erabiliko dira.
Industria taldeak azken bost urteetan izan duen bilakaera onari esker gertatu da eragiketa hau; izan ere, denbora horretan ULMAk finantza egitura indartu eta bere zorra murriztu du, hori estrategia gisa erabilita.
Taldea egungo koiunturaz baliatu da eta 2017an muga-eguna zuen 91 milioi euroko mailegua kitatu du. Horrekin bere baldintza ekonomikoak asko hobetu dira eta horri esker finantza gastuetan asko aurreztuko du datozen urteetan.
Banku taldea
Akordioa duela gutxi izenpetu da, N+1-ren aholkularitzarekin eta zenbait bankuk osatutako taldearekin: Santander, BBVA, Popular, Sabadell, Caixabank, Laboral Kutxa, Bankinter eta Caja Rural de Navarra.
Hemendik aurrera, eskuratu duen babes finantzarioarekin ULMAk adierazi du eraginkortasunez erantzun ahal izango diela bere negozioek dituzten garapen premiei.
666 milioiko salmentak
ULMA Taldeak produktu eta zerbitzuen 666 milioi euroko salmenta bateratuekin itxi zuen 2014. urtea, eta diru horretatik 513 milioi (guztirako salmenten % 77) nazioarteko merkatuetan saldutakoari dagozkio, talde gipuzkoarreko arduradunek jakinarazi dutenez. Gainera, ULMAk 61 filial ditu munduan zehar banatuta.
Taldearen aurreikuspenen arabera, 2015ean bere salmenta bateratuak 719 milioi euro arte handituko ditu (% 8ko hazkundea, aurreko urtearekin alderatuta), eta diru horretatik 565 milioi, hau da, guztirako salmenten % 80, nazioarteko merkatuetatik etortzea espero da.