Ekonomia -
Barakaldo eta Erandio
Indrako lanuzteak bertan behera, akordioa adostu ostean
Enpresak eta sindikatuek ebatzi dutenez, lan-erregulazioko txostenak gehienez 1.750 lanposturen iraungipena ekarriko du azkenean, 2016ko abenduaren 31rako.
Agentziak | Erredakzioa
Indra Sistemasek Barakaldon eta Erandion dituen lantegietako langileak lanuzteak egiteko deituta zeuden asteazken honetan, baina lanuzte horiek bertan behera utzi dituzte; izan ere, enpresak eta sindikatuek akordioa adostu dute, iturri sindikalek jakitera eman dutenez.
Indrako zuzendaritzak eta langileen ordezkaritzaren gehiengoak lan-erregulazioko txostena adostu dute; 2016ko abenduaren 31rako, gehienez 1.750 lanposturen iraungipena ekarriko du txosten horrek.
Besteak beste, akordioak txostenak eragindako langileen kopurua murriztu du; Indrak proposatutakoaren arabera, 1.850 kaleratze egotea zegoen aurreikusita.
Sindikatuak, zain
Bizkaian, sindikatuak zain daude, jakiteko ea zein izango den azkenean txostenak bertako lantegietan izango duen eragina. Enpresak hasiera batean proposatutakoaren arabera, Erandion 20 kaleratze egongo ziren (203 langile daude, % 10 izango ziren kaleratuak), eta Barakaldon, 94 lanposturekin, 9 langile irtengo lirateke lantegitik (% 10).
Iturri sindikalek, halaber, esan dute eragindakoak 2015ean eta 2016an zehar irtengo direla enpresatik.