Ekonomia -

Hiriko auzia

Afypaidak 17 milioi itzuli beharko dizkio Ekonomia Ministerioari

Beste hainbatek ere eskatu diote dirua: Fogasak (69.000 euro), Gizarte Segurantzak (25.000), Diputazioak (7.225) Gasteizko Udalak (51), Zerga Agentziak (48) eta Jaurlaritzak, 36.531 euro.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Afypaida Hiriko auto elektrikoaren enpresak 17,2 milioi euro itzuli beharko dizkio Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioari, Gasteizko Merkataritza Auzitegiak ebatzi duenez.

Aurreko martxoan, epaitegi horrek konkurtso egoera ezarri zion Afypaidari eta enpresaren likidaziorako fasea abiarazi zuen. Afypaidaren administratzaileak Jesus Echave, Iñigo Antia (EAJrekin lotuta), Jose Luis Bengoechea eta Fernando Achaerandio izan ziren.

Uztailaren 30ean eguneratutako hartzekodunen zerrenda baten arabera, Estatuarekin 17,2 milioiko zorra duela ebatzi du epaitegiak, hori baita Afypaidaren hartzekodun nagusiena, auto elektrikoa garatzeko milioika euroko laguntzak eman baitzizkion, El Mundok argitaratu duenez.

Zerrendan, Hirikori eskatu zaion diru kopurua zehaztuta agertzen da, baita langileek eskatutakoa ere, eta konkurtsoaren administratzaileak bakoitzari onartu dion zorra.

Afypaidaren zorra 18,9 milioikoa da, guztira. Horietatik, Ministerioak 17,2 milioi eskatu ditu; 7,37 "pribilegiatuak" izan ziren, 7,37 "ohiko" kredituak dira eta gainerako 2,45 milioiko zorra "subordinatua" da, hau da, kobratzeko lehentasunetan, azkena.

Beste hainbatek ere eskatu diote dirua Afypaidari: Fogasak (69.000 euro), Gizarte Segurantzak (25.000 euro), Arabako Diputazioak (7.225 euro) Gasteizko Udalak (51 euro) eta Zerga Agentziak (48 euro).

Hartzekodunen artean, Jaurlaritza ere badago. Justizia eta Administrazio Publikoa Sailaren bidez 36.531 euro eskatu ditu, nahiz eta Hirikoren garaian Jaurlaritzak 2,7 milioi euro eman zizkion.

Halere, Eusko Jaurlaritzak behin baino gehiagotan esan du ez dagoela gehiago eskatzerik, ez duelako irregulartasunik topatu emandako diru-laguntzetan, patenteak berritzeko eta sortzeko helburuak bete egin eta kontuak ikuskatu zituztelako.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Eusko Jaurlaritza Gasteiz albisteak