Ekonomia -
2015eko uztaileko datuak
% 1,2 hipoteka gutxiago sinatu dira uztailean EAEn
Nafarroan zein Estatuan, berriz, hazi egin da hipoteka kopurua; % 24,9 eta % 21,8, hurrenez hurren.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), etxebizitzen gaineko 1.105 hipoteka sinatu dira uztailean. Beraz, ekainean baino % 9,4 gutxiago eta aurreko urteko hil berean baino % 1,2 gutxiago sinatu dira, Espainiako Estatistika Institutuak gaur jakinarazitako datuen arabera.
Urte arteko kopuruei begiratuta, EAE izan da etxebizitzen gaineko hipoteketan jaitsiera izan duen erkidego bakarra, Estatuan, batez beste, % 21,8 egin baitute gora.
Hipoteketarako maileguan emandako diru kopuruari dagokionez, 140,67 milioi eurokoa izan da; hau da, ekainean baino % 4,2 gutxiago, baina 2014ko uztailean baino % 7,4 gehiago. Estatuko batez bestekoa % 2,7 areagotu da, hilabete arteko datuei erreparatuz gero, eta % 26,6, urte artekoak alderatuta.
Nafarroan etxebizitzen gaineko 341 hipoteka erregistratu ziren uztailean. % 24,9 hazi da, beraz, 2014ko uztaileko datuekin alderatuz gero.
Estatuko datuei dagokienez, berriz, jabetza-erregistroetan jasotako etxebizitzen gaineko hipoteka kopuruak gora egin du uztailean. 21.863 hipoteka sinatu dira, 2014ko uztailean baino % 21,8 gehiago, zehazki.
Horrenbestez, azken 14 hilabeteetako goranzko joerari eutsi diote hipotekek. Dena dela, uztaileko datua 2015eko ekainekoa baino beherago kokatu da (4,5 puntu beherago, hain zuzen), aurten ekainean % 26,3 hazi baita hipoteka kopurua.
Uztailean, batez beste 104.402 euro utzi dira maileguan hipoteka bakoitzeko, 2014ko hil berean baino % 3,9 gehiago. Bankuek urtebetean maileguan utzitako kapitala, berriz, % 26,6 hazi zen, 2.282 milioi eurotik gora utzi baitzituzten maileguan bankuek etxebitzitzak erosteko.
2015eko lehen zazpi hilabeteetan, % 21,2 hazi da etxebizitzen gaineko hipoteka kopurua, 2014ko aldi bereko datuekin alderatuta. Bankuek % 25,5 gehiago utzi dute maileguan, eta hipotekak, batez beste, % 3,5 hazi dira.