Ekonomia -
Pobrezia
TTIPen aurkako bizikleta martxak antolatu dituzte
Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin batera, asteburu honetan bizikleta martxak prestatu dituzte Bilbon, Gasteizen eta Donostian.
Agentziak | Erredakzioa
Zero Pobrezia plataformak hiru bizikleta martxa antolatu ditu Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzeko. Urriaren 17an, larunbata, Bilbon eta Gasteizen izango dira, eta Donostian, berriz, hilaren 18an.
Ekimen honekin, Europar Batasunak eta AEBk sinatuko duten TTIP akordioaren “inpaktu negatiboa” salatu nahi du plataformak. Hori dela eta, “TTIP, trikimailua ala tratua?” lelopean eredu ekonomiko jasangarria aldarrikatu nahi dute, erregularizaziorik ez duten merkatuen neurrigabezko aurrerapena gelditzeko asmoz.
Beren ustez, hitzarmen honek eskubide sozial, laboral eta ekonomikoak urratuko lituzke eta egungo Ongizate Estatua zalantzan jarriko luke, pobrezia eta desberdintasun ekonomikoak handituta.
Euskadin, 250.000 pertsona pobrezia egoeran zeuden 2014an eta, horregatik, dirua bidezkoa den modu batean banatzea eskatzen dute Zero Pobrezia plataforma osatzen dutenek.