Ekonomia -

Langile murrizketa

Kutxabankek 276 aurretiko erretiro proposatu ditu

Era berean, borondatezko kontratu eteteak eta jardunaldi murrizketak proposatu ditu, langile kopurua murrizteko. Bestalde, errentagarriak ez diren bulegoak itxiko ditu.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kutxabankek langile kopurua murrizteko egitasmoa aurkeztu die sindikatuei, eta 276 aurretiko erretiro eta borondatezko kontratu eteteak proposatu ditu. Era berean, jardunaldi murrizketak ere proposatu ditu, bankuaren eraginkortasuna areagotzeko helburuarekin, sindikatuetako eta bankuko iturriek jakitera eman dutenez.

Bankuak bilera egin du sindikatuekin gaur goizean langile kopurua murrizteko dituen asmoen berri emateko, eta azpimarratu du kasu guztietan "boluntarioak" izango direla, ez direla izango "traumatikoak". 2019ra begira egindako Negozio Planaren barruan sartzen dira neurriok, urte horretan 500 milioi euroko etekinak lortzeko asmoz.

Aurreikuspenak betez gero, iazko etekinak hirukoiztu egingo dituzte horrela, Kutxabankek 150 milioi euroko etekina lortu baitzuen 2014an, 2013an baino % 38 gehiago.

1953. eta 1954. urteetan jaiotako 276 langilek aurretiko erretiroa hartzea proposatu du Kutxabankek, eta 55 urteko "gutxi batzuk" ere proposatu ditu erretiroa hartzeko. Era berean, borondatezko kontratu eteteak eta jardunaldi murrizketak ere eskainiko ditu.

Bestalde, sukurtsalak ixteari dagokionez, Kutxabankek ez du zehaztu zenbat izango diren, baina errentagarriak ez direnak bakarrik izango omen dira itxiko dituztenak, eta ez da "kopuru esanguratsua" izango.

Hala, errentagarritasunari buruzko azterketa bat egingo du, eta horren arabera erabakiko du bulegoak itxi ala ez.

Sindikatuen erreakzioa

ELAk salatu du Kutxabankek enplegua "suntsitu" egingo duela, eta lan-baldintzak "urratu" egingo dituela. Horrenbestez, zuzendaritzaren eta ordezkari politikoen jokaera "onartezina" dela kritikatu du.

Bestalde, CCOOk esan du eskaintza "etsigarria eta eskasa" dela. Horregatik, aurretiko erretiro gehiago eskaintzeko eta neurri hori 1953-1956 epean jaiotako langileei luzatzea eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kutxabank