Ekonomia -
Iruzurra
Espainiako Estatuko 50.000 VW autok dituzte CO2 isuriak manipulatuta
Horregatik, baliteke konpainiak Espainiako Ogasunari 50 milioi euro ordaindu behar izatea, PIVE laguntzengatik.
agentziak | erredakzioa
Francisco Javier Garcia Sanz Volkswagen taldearen presidenteordeak jakinarazi du 50.000 direla Espainiako Estatuan CO2 isurietan "irregulartasunak" dituzten ibilgailuak, eta horixe jakinarazi dio Jose Manuel Soria Espainiako Industria, Energia eta Turismo ministroari.
Volkswagen Taldeak bart kaleratutako oharrean agertzen denez, Garcia Sanz Soriarekin bildu da marka alemaniarraren azken irregulartasunen berri emateko.
Garcia Sanzek azaldu duenez, egin dituzten barne ikerketetan ondorioztatu dute 50.000 autori eragiten diela irregulartasunak Espainiako Estatuko merkatuan.
Alemaniako konpainiak astelehenean jakinarazi zuen EA189 Euro 5 diesel motorren 9,5 milioi ale aztertu ostean, 800.000k "irregulartasunak" dituztela CO2 isurien neurketetan.
Volkswagenek oharrean jakinarazi duenez, ibilgailuak "teknikoki seguruak eta zirkulatzeko gai" dira. Gainera, konpainiak beregain hartuko omen ditu "atzemandako irregulartasunekin lotutako kostu guztiak, PIVE planekoak barne".
50 milioi euro Ogasunari
Jose Manuel Soria ministroak esan du Volkswagenek 50 milioi euro ordaindu beharko dizkiola Ogasunari informazioa egiaztatzen bada.